Musika jaialdirik gabeko uda?
Buru-belarri ·
Makrokontzertuak faltan botako ditugu datorren hilabeteotan. Momentuz, kultura aintzat hartzen jarraitu behar dugu. Oroitzapenak ez dizkigu inork kendukoZortzi urte pasa dira nire lehenengo jaialdira joan nintzenetik. Momentu hartan ekitaldi musikal hauen kopurua askoz txikiagoa zen. Koadrilarekin oporrak disfrutatzeko plan ona eta merkea iruditu zitzaidan. Hondartza, musika eta farra. Beraz, lagunekin Arenal Sound-era joan nintzen. Hirugarren edizioa zen, eta asko aldatu da 2012ren udatik hona. Baina jaialdien esentzia zer zen berehala ikasi genuen.
Hurrengo udan, nire bigarren jaialdira joan nintzen, eta handik aurrera ezin dut udan pentsatu Bilbao BBK Live burura etorri gabe. Zazpi urte jarraian igaro ditut bertan. Batzutan lanean, beste askotan betebehar bakarrarekin: disfrutatzea. Nire habitat naturala da. Gatibuk eta Izarok abesten duten bezala, 'aske maitte eta aske bizi'-tzeko hiru egun zoragarriak. Kartela ezagutu gabe, badakit beti izugarri ondo pasatuko dudala. Baita lan eta lan banabil ere. Nire Disneyland partikularra. Green Dayk nire lehenengo egun hartan emandako kontzertu txundigarria atzo izan balitz bezala gogoratzen dut. Nire Erasmusa bi aste lehenago amaitu zen eta unibertsitateko bi lagunekin igaro nuen egun berezia.
Laster beste izen asko etorri ziren. BIME, Donostia Festibala, Berlineko Loollapalooza, MAZ, Cabo de Plata, Mundaka Festival... eta batez ere, Sonorama. Aranda de Dueroko ekitaldia, nire kuttuna. Musika maite dugunon paradisua. Herri txiki batek lorturtako mirari kulturala.
Jaialdiak nire bizitzaren atal garrantzitsua dira. Aisialdia eta banda ezezagunak aurkitzeko unea. Alaitasuna. Eguzkia. Bozgorailuak. Uda. Eta, momentu oro, lagunak.
Negua bukaezina dirudienean, jaialdi baten iragarkiak edo kartelaren izen propio berri batek motibazioa ematen dit. Oporrak hurbilago ikusten ditut. Aurten, koronabirusaren krisialdiak eztanda egin baino lehen, Tsunami Xixon eta Azkena Rockerako sarrerak erosi nituen. BBK Liven lan egiteko asmoa nuen eta Sonoramarako bonoa lortzea nire betebeharren zerrendan zegoen. Orain? Badirudi datorren urtera arte itxaron beharko dudala. Xixoneko jaialdia bertan behera geratu da, dagoeneko.
Gure osasuna bermatzearren, Gobernuak jarritako neurriak oso zorrotzak dira ekitaldi jendetsuekin. Ulergarria da. Badirudi laster jaialdi guztiek -edo gehienek, behintzat- agur esango dutela datorren urtera arte. Edo udazkenean ospatuko direla. Atzamarrak gurutzatu ditzagun. Izan ere, egunotan milaka pertsonek Villarrobledon ospatzen den Viña Rocken egon behar zuten, baina antolatzaileek urrira atzeratzea erabaki zuten duela bi hilabete.
Gure opor musikalak hari-harian daude. Ez dakigu zer gertatuko den, baina kulturaren beharra aldarrikatzea eta sustatzea ziurgabetasun guzti hauen aurrean eman behar dugun erantzuna izan beharko luke. Pixkanaka. Itxaropentsu. Berri Txarrak taldeak esaten duen bezala: Gora gu eta gitarrak!