Mondragon Unibertsitateak euskarazko 294 liburu aztertzen dituen gida argitaratu du
Gurasoei, irakasleei eta liburutegietako profesionalei liburuak kategorizatzen laguntzea da formatu digitalean eskuratu daitekeen bildumaren helburua
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak 2024ko Haur eta gazte literatura irakur gida plazaratu du, iaz euskaraz argitaratutako haur eta gazteentzako 294 lanak aztertu ostean. Fakultateko Haur Liburu Mintegia da bildumaren sustatzailea eta formatu digitalean zein liburutegietan ere eskura daiteke.
Publicidad
Gida egiteko lantaldea haur eta gazteentzako literaturarekin lotura duten 12 profesionalek osatu dute. Euren zereginen artean, urteko argitalpenak irakurtzea, aztertzea eta hiru kategoriatan sailkatzea egon dira: liburu gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia, hain zuzen ere. «Gurasoei, irakasleei eta liburutegietako profesionalei liburuak kategorizatzen laguntzea da bildumaren helburua, eta liburu asko irakurtzearen emaitza da», diote taldea osatu duten kideek. Hala ere, nabarmendu dutenez, «gidak ezin du irakurketa zuzena ordezkatu, ezta irakurketak sortzen duen plazera ere».
Gida osatu duten zortzi erakundetako kideen artean liburuzainak, eskola-irakasleak eta Mondragon Unibertsitateko adituak daude, besteak beste. Hala, Olga Jauregi (Aramaioko Udal Liburutegia), Laida Zubia (Bergarako Udal Liburutegia), Oskar Loiti (Eskoriatzako Udal Liburutegia), Jasone Erostarbe (Legazpiko Udal Liburutegia), Marina Etxegoien eta Arantzazu Ibarrondo (Oñatiko Udal Liburutegia), Edurne Urbiztondo, Garbiñe Txintxurreta eta Joxe Otaduy (Aretxabaletako Kurtzeberri Eskola), Ana Etxeberria (Eskoriatzako Luis Eceiza Herri Eskola) eta Nerea Alzola eta Eunate Arebiotorre (Mondragon Unibertsitatea) izan dira partaideak. Koordinatzailea, berriz, Mondragon Unibertsitateko Marikarmen Apraiz izan da, eta Lehen Hezkuntzako Graduko ikasleak diren Amets Sanzek eta Naroa Garayarrek egin dute azalaren diseinua eta gidaren maketazioa.
Lanak sailkatzeko jarraitu dituzten irizpideen artean, hizkuntzaren erabilera, kalitate literarioa eta gaien tratamendua nagusitu dira. Halaber, liburu bakoitzari esleitu dioten gutxi gorabeherako adinari dagokionez, adierazi nahi izan dute zenbaki hori orientagarria dela, izan ere, erritmoak, haurren zaletasunak eta abar sailkaezinak dira.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión