Mikel Rueda euskal zinemagilearen 'El doble más quince' luzemetraia otsailaren 28an estreinatuko da
ZINEMA ·
Maribel Verdu eta German Alcarazu dira maitasun kontakizun hunkigarri eta hausle honen protagonistakUNAI SARRIUGARTE
Igandea, 22 abendua 2019, 22:58
Mikel Rueda euskal zinemagilearen 'El doble más quince' luzemetraia otsailaren 28an estreinatuko da. Maribel Verdu eta German Alcarazu dira maitasun kontakizun hunkigarri eta hausle honen protagonistak. Ruedak bi aktore hauek 'Caminan' laburmetraiean ere zuzendu zituen. Hortaz, ondo baino hobeto ezagutzen ditu zuzendariak. Euskal Irrati Telebistaren esku hartzea jaso duen ekoizpena Bilbon eta Bizkaiko lurralde historikoko parajeetan filmatu zuten.
Izan ere, 45 urte baino gehiago dituzunean bizitzan dena egin duzula eman lezake: senar bat eta bi seme eduki, txakur bat, etxe polit bat etab. Era berean, nerabe bat zarenean bizitza osoa aurretik daukazu oraindik: ezkontzeko denbora, semeak eta katu bat izateko denbora, etxe polit bat erosteko aukera etab. Bi kasu ezberdin hauetan pertsona galduta egon daiteke.
Hala, luzemetraia honek bizitzan erabat galdurik dauden bi pertsonen istorioa kontatzen du. Anaren eta Ericen kontakizuna, hain zuzen, egun batean txat batean elkar ezagutuko baitira biak. Ana emakume heldu bat da eta Eric, aldiz, mutiko nerabe bat.
Mikel Rueda bilbotar zinema zuzendari eta gidoilaria da. Ikus-entzunezko Komunikazio ikasketak burutu zituen Nafarroako Unibertsitatean. Euskal Irrati Telebistan produktore lanetan ibili izan da urte askotan. Gainera, New Yorkeko Zinema Eskolan Zuzendari graduondoko bat jorratu izan du.
Zinema zuzendari ibilbidea 2007. urtean hasi zuen 'Present Perfect' laburmetraiarekin. Bere lehendabiziko luzemetraia, berriz, 2010. urtean zuzendu zuen, 'Estrellas que alcanzar', Donostiako Zinemaldian estreinatu zena. Harrezkero, beste zenbait film zuzendu izan ditu: 'Cuando Corres' (2010), 'Agua!' (2012), 'A escondidas' (2014) edota 'Nueva York. Quinta planta' (2016), besteak beste.