Mikel Laboa, kontzertu batean. Efe

Mikel Laboa, santu kulturala

Eredugarri iruditu zait 'Non dago Mikel Laboa?' Josune Albisuren lana

Lunes, 14 de septiembre 2020, 11:53

Europako ekialdeko eta iparraldeko herrietan joera dute idazleak, eta batez ere, poetak nazioaren eragile nagusitzat hartzeko. Orain 'santu kulturalak' deitzen diete, baina azken batean joera bera da. Nazioaren eragile eta santu kultural kontzeptuek erromantizismoaren azpian babesturiko txoriak dira. Poeta nazionalak kanonizatu egin dituzte, eta neurri berean santu kultural gisa goraipatu.

Publicidad

Den-denak bilduko ez dituen erronda bat eginda, hauek aurkitu ditut: Schiller Alemanian, Burns Eskozian, Wegerland Norvegian, Tegnér Suedian, France Prešeren Eslovenian, Mickiewicz Polonian, Xevtxenko Ukrainan, Snorri Sturluson ipar alde osoan (Danimarkan, Norvegian). Eta hurbilago etorrita, Dante eta Petrarka Italian. Eta hurbilago oraindik, Jacint Verdaguer Katalunian, eta Galizian Rosalia.

Gurean, nazio izatera heldu ez bagara ere, badira santu kultural gisa hartu ditzakegun idazleak. Lau arlo eredugarri betetzen omen dituzte santu kulturalok: Bizitza (Vita), lana (Opera), herriaren gurtza (Cultus) eta herrian duten eragina (Efectus).

Ziur nago edozein irakurlek, artikulu hau irakurri ahala, izango dituela izenak buruan. Niri beti etorri zait Jose Maria Iparragirre (1820-1881) gogora, karlisten onarpena eta liberalen oniritzia lortu zuen egilea, haren 'Gernikako Arbola' kantuari esker, nahiz eta bere jaiotzaren berrehungarren urtemuga epel ospatzen ari garen. Baina zer ez dugu epel eta makal ospatuko aro gogor hauetan?

Ene irudiko, baina, badago hain aspaldikoa ez den beste kultur eragile bat gure artean santu kultural gisa onartzen ari garena: Mikel Laboa (1934-2008). Ez dakit zein neurritan betetzen dituen santu bihurtzeko beharrezko diren lau baldintzak: Vita, Opera, Cultus eta Efectus. Baina esango nuke Ez Dok Amairu taldeko kapital sinboliko nagusia berak eraman duela.

Publicidad

Gurtza indartzeko orduan ez nuke ahaztuko UPV-EHUren eta Gipuzkoako Aldundiaren artean bultzaturiko Mikel Laboa Katedraren indarra. Aurkezpenean Katedrak dioenez: «Mikel Laboa Katedra Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko hitzarmenaren bidez eratu da, euskal artea eta folkloreari buruzko ikerkuntza eta arte-sormena bultzatzeko». Eraginaren aldean, lehen zuzendariak, Juan Kruz Igerabide argiak ederki bultzatu zituen Laboaren irudia indartzeko ekintzak. Gurtza (Cultus) Katedrak egiten du, bai. Baina 'Efectus'aren arloan Katedrak berak argitaratu duen liburu bat ekarri nahi nuke hizpidera. Josune Albisu Barandiaranek idatzi eta izenburua 'Non dago Mikel Laboa?' duena.

Mikel Laboaren lana diskoz disko jarraitu du idazleak. Banan-banan, zehazki, garbi, indartsu. 'Opera', beraz. Uste dut goraipatu behar dela egileak egin duen ahalegina «Sortze prozesuak» aztertzeko, lana nondik etorri den, zelan gauzatu den. Beraz ez da emaitzen azterketa soila, baizik eta bideen kontaketa. Bideak eta harremanak. Norekin egin zuen lan, nork bultzatu zuen erabaki hau edo hori hartzera. Zein lagun girotan joan zen lana gorpuzten, zein giro izan zuen sortzaileak inguruan. Alde horretatik. Aipagarria da Mikel Laboa musikariaren, Joxean Artze poetaren eta Jose Luis Zumeta pintorearen artean egindako lanaren azterketa egin duen atala, bertan ageri baita zein harreman eta zein fruitu lortu zituzten hirurek elkarrekin.

Publicidad

Esango nuke liburuaren bertute nagusia bere ikuspegi borobila dela. Ez da emaitzaren azterketa hutsean geratu, emaitzaren inguruan diren zertzeladak interesatu zaizkio egileari eta neurri horretan sormena bere konplexutasunean ulertu du, eta horixe adierazi digu, harreman afektiboz beteriko bidea baita sormena.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad