'Mateoren ama' euskarazko film laburra, gaur, Vital Fundazioa aretoan
Euskal Zinemaren Astearen barruan izango da, 19:30ean
Paul Picado
Osteguna, 27 otsaila 2020, 23:08
Euskal Zinemaren Astea amaitzear dago, baina oraindik bi film labur eta beste bi luze falta dira. Horrela, ostiral honetan, alde batetik, Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak zuzendutako 'Mateoren ama' euskarazko film laburra emango dute, eta, bestetik, Aitor Arregik, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako 'La trinchera infinita' film luzea. Emanaldiak 19:30ean hasiko dira Vital Fundazioa aretoan.
'Mateoren ama' film laburrak 14 minutu eta 30 segundoko iraupena du, eta, tarte horretan, Angel Mari delakoak, luzaroan bere ama ikusi gabe egonda, ama dagoen zahar egoitzara bisitatzera joatea erabakitzen du. Amak ez ditu seme-alabak ezagutzen, eta Angel Mariri ez zaio batere gustatzen nola aldatu den bere ama. Film honetako gidoia zuzendariek eurek prestatu dute, eta antzezleak Iñigo Aranburu, Itziar Aizpuru, Mariasun Pagoaga eta Aitziber Garmendia dira. Trailerra hemen ikus daiteke.
Film honetako zuzendariak diren Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak Moriarti Produkzioak konpainia sortu zuten 2001. urtean, eta, harrezkero, zenbait film luze, dokumental eta film labur idatzi, zuzendu eta ekoiztu dituzte, horien artean gaur Vital Fundazioan ikusgai izango dena. Halaber, nazioarteko jaialdietan aurkezteaz gain, zenbait sari ere irabazi dituzte.
Bestalde, esan bezala, 'La trinchera infinita' filma Arregik, Goenagak eta Jon Garañok zuzendu zuten. Antzezleak Antonio de la Torre, Belén Cuesta, Vicente Vergara, Jose Manuel Poga eta Emilio Palacios dira. Film hau Gerra Zibilean kokatuta dago, eta Higiniok eta Rosak gerrarengatik ezkutatuta eman zituzten 30 urte baino gehiago kontatzen dira.