Grabatu honetan Marx eta Engels ikusten ditugu Londreseko bere egoitzan. E. C.

Marx, euskal kulturan

60ko hamarkadatik aurrera bi planotan nabarmendu zen: literaturan eta kantagintza berrian

Sábado, 28 de abril 2018, 01:27

Aurten, Marxen jaiotzaren 200. urteurrena betetzen den honetan, Marxen inguruan pizkunde bat nabaritu dugu gurean. Pozgarria izan da benetan Marx eta bere lana Euskal Herrian ezagutarazi ahal izatea. Nazioarteko esatari ezagunak izan ditugu gurean, Alemaniako filosofo handiaren pentsamendua azaldu, disekzionatu eta hedatzen.

Publicidad

Nork esango zukeen? Ezagunak dira Marxen kide (eta agian 1844an Ingalaterrako langile klasearen egoera idatzi zuenetik, langile klasea subjektu askatzaile ezartzearen sustraizko baieztapena marxista eratu zuena, sozialismo zientifikoa gainontzeko eskola utopikoetatik urrunduz) Engelsek euskaldunez esan zituenak, «herri-hondar» gisa kalifikatuz. Engelsentzat euskaldunok herri atzerakoi bat ginen, «aurrerapenaren aurkako protesta» bat. Lehen marxismoaren, oraindik hegeliar kontzepzioari lotuegi zegoen haren posizioak gerora ñabartu eta sistematizatu zituzten errusiar boltxebikeek, XX. mende hasieran (hala ere, kontuan izan behar da Tom Nairn eta Benedict Andersonek esaten duten moduan, auzi nazionala marxismoarentzat beti izan dela buruhauste bat, konponbide zehatz eta zientifiko bat emateko asmoekiko oztopo antzeko bat).

XIX. eta XX. mende hasieran, gizarte-aldaketarekin batera, euskalduntasunaren errebindikazioaren hastapen garaiak ditugu. Euskal lurraldeak geroz eta gehiago lotu zitzaizkion elkarri, beren antolaketa juridikoa desagertuz zihoan heinean. Zenbait autorek egindakoa, euskal nortasunaren aldarrikapena eta «modernitateari beldurra» edo «Antzinako Gizartearen aldekotasuna» parekatzea, esajerazioa dugula jakin badakizun arren, egia da garai horietan marxismoa ez zela euskal kulturan txertatu. XX. mendean, euskal lurrean agertu ziren lehen marxistek ez zuten interes handirik erakutsi euskal kulturarekiko (1903an aldizkari sozialista batean agertutako euskararen kontrako adierazpen ezagunak mende erdi lehenago Engelsek esandakoaren oihartzuna –oihartzun dogmatikoa– izan ziren agian?).

Euskadiren askapena

III. Internazionalaren sorrerarekin batera hasi ziren marxistak euskal kulturarekiko interesa hartzen. Internazional horren inguruan sortu zen Alderdi Komunistak bere egin zituen «Euskadiren askapen nazionalaren» helburuak (Alderdi Komunistak 30eko hamarkadan Estatutuari ezezkoa eman zion, 'gutxiegi' irizten ziolako). Hala ere, literatur produkzioa zein prentsazkoa oraindik ere erdaraz idazten zen; euskarazko literatur produkzio marxista nahiko urria izan zen, agian Toribio Etxebarria sozialista eibartarra aipa genezake salbuespen gisa. Guda Zibilak eta osteko errepresioak, nolabait, mundu abertzalea eta mundu ezkertiarra elkartzeko zubi-lana egin zuen arren, eta antzinako mesfidantza batzuk ezabatu bazituen arren, oraindik itxaron egin behar zen marxismoa euskaraz irakurri ahal izateko.

Hala, 60ko hamarkada arte itxaron behar izan genuen euskal kulturaren izarrak euskaraz irakurri ahal izateko. Batez ere, bi planotan nabarmendu zen euskal kultura marxista berria: idatzizko literaturan eta kantagintza berrian. Idatzizko literaturan, Gabriel Arestiren lanak izan genituen nolabaiteko aitzindari. Hala ere, orduko Euskal Herrian produzitutako idatzizko literaturaren barruan, oraindik ere euskarazko lanak gutxiengoa ziren, Blas De Oteroren edo Gabriel Celayaren literatur lanen ondoan.

Publicidad

Kantagintza izan zen ideologia berria hedatzeko beste modu bat. Ezaguna da adibidez Oskorri, garai batean maoismoaren hurbilekoa, edo Ez Dok Amairu taldeko kide batzuk, Bertolt Brechten abestiak euskaraz abestu zituztenak. Kantagintza, bat-batekotasunari esker eta taldeak biltzeko gaitasunari esker, ideologia berria zabaltzeko tresna bihurtu zen, orduko giro itogarrikoan liburuek baino irisgarritasun handiagoa eta kontrol txikiagoa baitzuen; eta euskara bera, hitza, edukiarekin lotzeko gai baitzen. Kantagintza bihurtu zen, eztabaida politikoak baino lehenago, euskal kultura eta marxismoa uztartzeko tresnarik egokiena (ironikoki, gerora marxismoarekin kritiko izan zen Xabier Letek islatzen du egoera hau 'Teologia, ideologia' edo 'Nik ez dut amets handirik' abestietan). Azkenik, ezin dugu eskulturgintza alde batera utzi, Jorge Oteiza eta Agustin Ibarrola bezalako artisten eskutik.

Hurrengo hamarkadan, nolabaiteko boom bat gertatu zen marxismoaren inguruan. Ezkerreko partidu eta erakunde guztien agerpenarekin, marxismoa eta euskal nazioaren aldarrikapena bat eginda zetozen, bai ezker abertzalearen joera ezberdinekin eta baita 'ezker estatalista' deitutako alderdietan ere; hauen artean, Hego Euskal Herriaren batasun politikoa eta autodeterminazioa aldarrikatzea ezinbestekotzat ikusten zen. XIX-XX. mende aldaketan euskara eta euskal kultura Antzinako Erregimenarekin lotzea topikoa izan bazen, orain topikoa ezker muturrarekin lotzea da (eta lehen gertatu zen bezala, aurkari politikoek lotura hori esplotatu zuten).

Publicidad

Kintana eta Onaindia

Orduan izan zen lehen klasiko marxistak euskaratzen hasi zirenekoa, adibidez Xabier Kintanak 'Manifestu Komunista' euskaratu zuen, edota Mario Onaindiak beste hainbat lan ('Frantziako Gerra Zibila'; edo 'Brumaireren hamazortzia', esaterako).

Egia esan, 70eko eta 80ko hamarkadetan izan zuen marxismoak Euskal Herrian presentzia handiena. Eztabaida politikoak, aldizkariak, publikazioak, foro intelektualak eta abarren erdigunean zegoen politika hau. Euskal egile marxistak euskaraz azaldu ziren lehen aldiz, euskal nobelagintzan itzal marxista zuten lanak ugaritasunez agertzen hasi ziren (Koldo Izagirrerenak, adibidez). Egia esan, zenbait historiagileren arabera, Ekialdeko Blokea Gerra Hotzean inoiz baino eragin handikoen agertzen zaigun garaiarekin bat zetorren.

Publicidad

Hala ere, kontuan izan behar dugu, euskal kulturaren barruan, nolabaiteko zatiketa ere eragin zela zenbait sektorek hedapen hau arriskukotzat hartuz geroztik: hor ditugu adibidez ikastolen edota euskara batuaren gaineko borroka. Izan baziren gainera marxismoari edo honetaz Euskal Herrian egiten zitzaien interpretazioei kritikotasunez begiratzen zioten literatur lanak, adibidez 'Exkixu'n (Txillardegi) euskaraz, edo 'Lectura insólita de El Capital'en (Raul Guerra Garrido) gaztelaniaz.

Euskal kulturan, mundu-mailan bezala, marxismoak beherakada izan zuen 1991tik aurrera, bai ezkerreko beste paradigma ideologiko batzuen mesedetan, edo baita egungo ordena zilegitzen duten ideologien mesedetan ere. Euskal Herrian, antza denez, honetan, globaltasunaren erritmoan joan gara, azkenik erreforma politikoa finkatu den bezala finkatu da globaltasun kulturala (euskal 'berezitasunaren' aldekoen edo 'isolamenduaren' kritikoen desesperaziorako?).

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad