Lorabarri astea ospatuko da Aramaion maiatzaren 4tik 9ra
Besteak beste, bi hitzaldi eta bigarren eskuko ohiko Lorabarri Azoka izango dira
Paul Picado
Osteguna, 29 apirila 2021
Lorabarri astea ospatuko da beste urte batez Aramaion. Zehazki, maiatzaren 4tik 9ra bitartean izango da, eta besteak beste, bi hitzaldi eta bigarren eskuko ohiko Lorabarri Azoka izango dira. Bi hitzaldiak maiatzaren 4 eta 5ean izango dira, eta bigarren eskuko azoka maiatzaren 8an. Horrez gain, arropa eta osagarri bilketa ere egingo da ekonomatoan.
Lehen hitzaldia, esan bezala, maiatzaren 4an izango da, asteartean, Asier Arregiren eskutik. Bere hitzaldiaren izenburua '5G, osasuna eta elektromagnetismoa' da, eta 5G sareek eta elektromagnetismoak osasunean eragiten dituzten kalteei buruz hitz egingo dute. Hitzaldia 18.30ean hasiko da Kultur Etxean eta euskaraz izango da.
Bigarren hitzaldia, hurrengo egunean izango da, hots, asteazkenean. Kasu horretan, Nekane Jurado ariko da, gaztelaniaz, 18.30ean ere bai, Kultur Etxean, eta bere hitzaldiaren izenburua 'Gaitasunen eta dohainen ekonomia' izango da. Bai astearteko, bai asteazkeneko hitzaldietarako sarrerak aldez aurretik atera behar dira, Aramaioko Udaleko webgunean bertan, hemen.
Bestalde, aipatutako bigarren eskuko Lorabarri Azoka larunbatean izango da, maiatzak 8, Bixente Goikoetxea plazan, 11.00etatik 14.00etara. Azoka horretan, Aramaioko ekoizleek beren produktuak ere erakutsiko dituzte, eta zume bizidun jolasguneari buruzko argazki-erakusketa jarriko dute eskolako umeek.
Azkenik, arropa eta osagarri bilketa ere egingo da ekonomatoan, eta hor bildutakoak izango dira hain zuzen ere bigarren eskuko azokan salgai jarriko direnak. Bilketa astearte eta ostegunetan, 17.30etik 20.00etara, eta larunbatetan, 11.00etatik 13.00etara, egingo da. Besteak beste, haur-aulki altuak, motxilak, bainuontziak, bizikletak, motorrak eta patineteak jasoko dira. Horrela, bildutako dirua, bertakoa den Irati Garaitonandia Martelori behar duen aulki berezia erosten laguntzeko erabiliko da.