Loitzate Goñi, Nora Mendia, Saioa Alkaiza, Ekhi Rojo... Iruñeko II. Bertsopaper Lehiaketako saridunak
Hogeita bi lan aurkeztu dituzte guztira hogei lehiakideek hiru kategoria ezberdinetan. Eta Amaia Telletxeak, Mikel Beuamontek eta Sustrai Colinak osatu dute epaimahaia
Zurekin
Astelehena, 25 urria 2021, 18:05
Iruñeko II. Bertsopaper Lehiaketak baditu irabazleak. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatutako lehiaketan 20 lagunek hartu dute parte (hamabi gizon eta zortzi emakume), 22 lan ezberdinekin (bederatzi A kategorian, haurrenean; bi B kategorian, gazteenean; eta hamaika C kategorian, helduenean). Horietatik, zazpik eskuratu dute sariren bat, Amaia Telletxeak, Mikel Beuamontek eta Sustrai Colinak osatutako epaimahaiaren ebazpenaren arabera.
A kategorian, 2008 edo ondoren jaiotakoenean, Loitzate Goñi Elortza beratarrak eskuratu ditu lehenbiziko bi sariak: lehenbizikoa, 'Xauli' izeneko lanagatik. Txakur bati eskainitako bertso sorta da, «maitasunez eta samurtasunez egina», epaimahaiaren hitzetan. Bigarren saria, egile beraren 'Baratzea' lanak eskuratu du. Hirugarren saria, aldiz, Ekhi Rojo Rodriguez lesakarrak eraman du, 'Garai berriak' izeneko lanagatik. Kategoria honetako irabazleek 150, 100 eta 50 euroko kultur bonoak eskuratu dituzte, hurrenez hurren.
Esan bezala, B kategorian, 2004 eta 2007 artean jaioetakoenean, berriz, bi lan besterik ez dituzte aurkeztu. Lehen saria Nora Mendia Zabalza iruindarraren 'Barne n/hormez' lanarentzat izan da. Epaimahaiaren arabera, etxeari eta etxeak gordetzen duenari jarritako sorta hau «soila da, zehatza, ironia puntu bat duena, eta nabarmenki erakusten duena asko esan daitekela neurri motz eta bertso gutxitan, luze idatzi gabe». Bigarren saria Beñat Astiz Isasi barañaindarrarentzat izan da, 'Kea darion bizitza honi' lanagatik. Irabazleek 350 eta 200 euroko ordainsariak eramango dituzte, hurrenez hurren.
C kategorian, 2003 edo lehenago jaiotakoenean, helduenean, alegia, Saioa Alkaiza Guallar antsoaindarrak irabazi du lehen saria, bigarren urtez jarraian, kasu honetan 'Habitat' lanarekin. Epaimahaiak sortaren deskribapenen kalitatea nabarmendu du, baita «etxeko sofatik irten gabe» obrak lantzen dituen gaiek hartzen duten espektro tematikoa ere: maitasuna, genero indarkeria eta bakardadea, besteak beste. Bigarren saria Eneko Fernandez Maritxalar lesakarraren Olinpora bidean lanarentzat izan da. Hirugarren saria, ordea, hutsik uztea erabaki dute epaileek. Irabazleek, 1500 eta 1000 euroko sari bana irabazi dute.
'Hiru pena mota', oholtzara
Bestalde, asteazken honetan estreinatuko da Saioa Alkaizak zuzendutako 'Biziraute Saiakera' emanaldi berezia. Ikuskizunak iazko Bertsopaper Lehiaketako helduen kategoriako lehen sariduna du oinarrian; Saioa Alkaiza beraren 'Hiru pena mota' bertso sorta, hain justu. Lan horretatik abiatuz, bertso saioa ondu du Alkaizak, beste hainbat kidek lagunduta: Maite Berriozabal izango da gai-jartzailea, Itsaso eta Haize Agirre musikariek iazko lan horretako bertsoak musikatu eta kantatuko dituzte, eta bat-batean aritzeko lau bertsolari izango dira: Julio Soto, Sarai Robles, Sustrai Colina eta Uxue Alberdi. Gainera, Maider Aldai diseinatzailea aritu da emanaldiaren atrezzoa eta euskarri grafikoak lantzen. 19.00etan hasiko da saioa, Nafarroako Antzerki Eskolan. Sarrerak 5 eurotan eskuragai daude aretoaren webgunean bertan, eta lehiatilan, saioa hasi baino ordu eta erdi lehenagotik.
'Hiru pena mota' sortan, familia bereko hiru kideren -aitaren, amaren eta alabaren- barne mundua azaltzen zuen Alkaizak, horien krisi eta galdera existentzialak plazaratuz. Oholtza gaineko ikuskizunean, pena hori egon egongo da, baina eremu domestikora egingo du salto emanaldiak, eta umorerako eta bestelako gaietarako aukera ere izango da.