Leire Palaciosek Mexiko Hiria ezagutuko du ostegun honetan 'Munduko Plazan' saioan
Kazetariak munduan barrena bidaiatuko du, euskaldunak bisitatzeko aitzakiarekin. Hainbat herrialdetan plazaz plaza ibiltzeaz gain, hiri bakoitzean hainbat bidaia proposamen gomendatuko ditu
Zurekin
Osteguna, 16 iraila 2021, 08:46
'Munduko Plazan' saioak aurreko astean hasi zuen bere ibilbidea, eta hemendik aurrera Leire Palaciosek munduko hainbat hiritara jauzia egingo du eta plazaz plaza ibiliko da programa berriarekin. Ostegun honetan, zehazki, Mexiko Hiria eta Queretaro hirien bizitzetan eta erritmo bizian murgilduko da Palacios, 22.30etik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en.
Saioaren arduradunek nabarmendu dutenez, hasteko, Jon Ortuzar iurretarra DONDE fundazioko digitalizazio estrategiaren zuzendari nagusiarekin izango da. Mexikoko hiriburuan, Polanco auzoan bizi eta lan egiten du.
Bestalde, Estudios Churubusco mitikoen ateak zeharkatuko ditu Palaciosek Jon Solaun eszenografoarekin batera. Mexiko Hiriko zinema estudiorik ezagunenak dira eta Jon Solaunen lantokia, sarritan.
Haizea Elizondo filologoarekin UNAMen, Mexiko Hiriko unibertsitate publikoan, izango du ere Palaciosek hitzordua. Haizea euskarazko irakaslea da eta bere bitartez ozeanoaren bestaldean dauden euskara ikasle batzuk ere elkarrizketatzeko aukera izango du kazetariak. Gainera. Ekhi Martinez Aio Mexiko frontoiaren berrirekitzearekin batera joan zen profesionaletan zesta puntan aritzera eta haren istorioa azalduko dio saioaren aurkezleari.
Halaber, Queretaro hiria Mexikoko hiriburutik 200 kilometrora dago, barnealdean. Bertan, Maddalen Gil ingeniari eta ekintzaile gasteiztarra bizi da, komunitate autogestionatu batean. Eta hori nahikoa ez balitz, Leire Palacios San Gil golf zelaian elkartuko da Bosco Garitanorekin, EIKE enpresako gerentearekin. Zumaiarrak urtebete darama Queretaron.
'Munduko Plazan' saioaz gozatu nahi baduzu, beraz, jakin ezazu ostegun honetan izango dela ikusgai 22.30etik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en.