Lehen sektorea Urdaibaiko ekonomiaren motorrik esanguratsuenetakoa dugu. EKOETXEA URDAIBAI

Lehen sektorearen inguruan gogoeta pizteko erakusketa, Ekoetxea Urdaibain

Egitasmo honek nekazaritza-produkzioaren balioa berreskuratu eta mahaigaineratzea du xedetzat; eta bide batez, landa-eremuaren eta ekonomia zirkularraren balioa handitzea

Unai Sarriugarte

Viernes, 5 de mayo 2023, 20:38

Lehen sektorearen inguruan gogoeta pizteko erakusketa estreinatu dute Busturiako Ekoetxean. 'Urdaibai: bizidunekin bizia partekatzen' izenekoa irailaren 3ra bitarte egongo da bisitagai. Egitasmo honek nekazaritza-produkzioaren balioa berreskuratu eta mahaigaineratzea du xedetzat; eta bide batez, landa-eremuaren eta ekonomia zirkularraren balioa handitzea, kontsumo-eredu eta ekoizpen jasangarriago batera jauzi eginez. Horrez gain, Biosfera Erreserbako ingurune naturala zaintzeko beharrean fokua jartzen du.

Publicidad

Erakusketa honen baitan bisita gidatuak antolatuko dituzte, baita zenbait artistekin elkartzeko lau saio atondu ere. Izan ere, hainbatek esku hartuko dute proiektu honetan: Josu Rekaldek, Nerea Legarretak, Josemari Herrerak, Susana Jodrak, Mikel Garatek, Lidia Rekagorrik, Mikel Arcek, Pilar Soberonek edota Jose Angel Lasak, besteak beste. Artea erdigune izanik, bizitzak eta bere aniztasunak Urdaibaiko ingurune naturalarekin aurkezten duten erlazio estuaren inguruan arituko dira hitzorduotan.

Madariaga Dorretxeko erakusketa aretoan ostiral honetatik, maiatzak 5, ikusgai dagoen erakusketa Campus Bizia Lab (Euskal Herriko Unibertsitatearen programa) eta ARTEKOM (trantsizio energetiko ekologikorako artea eta komunikazioa) taldeek antolatu dute.

Lehen sektorea Urdaibaiko ekonomiaren motorrik esanguratsuenetakoa dugu. Arrantzak, esaterako, indar ikaragarria du, batez ere Bermeon ematen den kontserba-industriaren bitartez (Serrats, Campos, Arroyabe, Zallo etab). Era berean, ardogintzak ere protagonismo itzela du txakoli upategien bidez, hala nola, Itsasmendi, Berroja edota Talleri. Nekazaritzak ere garrantzi galanta du, bertan ekoizten baitira hainbat fruitu eta barazki, Gernikako piperrak eta indabak ospetsuenen artean daudelarik.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad