Orain hilabete pare bat gertatu zitzaidan. Kulturaren bideak gurutzatu ziren nire eguneroko jardunean. Martxoan izan zen eta Bilbon. Kulturaz blai egiteko modua. Era berean eta ordu berean Bidebarrietan Bilboko Poesia Astea ospatzen zen eta Arriaga Antzokian, berriz, beste hainbat ekitaldi.
Publicidad
Martxoaren 14an, ostegunean, Benjamin Pradok eta Elvira Sastrek nobela egiten hasten diren olerkariei buruz ari ziren Bidebarrietan. Biak dira poeta ezagunak, baina biak jo dute kontagintzara, Elvira Sastreren kasuan gainera, arrakastarekin eta eztabaidaren zalapartarekin. Baina ordu berean eta 50 metrora, Arriaga Antzokian Ainhoa Artetaren errezitaldia zegoen, eta horretarako aspaldi nituen sarrerak hartuta. Aukera bien artean, Benjamin adiskideari agur egin eta kantaria entzutera joan nintzen. Kronikek esan dutenez, emakumearen inguruan osaturiko 'Con nombre de mujer' bere errezitaldiak hobetu egin zen bigarren zatian. Arriskutsuagoa zen lehen zatia, non kantariak hiru maisu berriren, Antón García Abrilen, Lorenzo Palomoren eta Miquel Ortegaren lanak kantatu baitzituen. Bigarrenean, aldiz, kantu ezagunagoak eman zituen: 'Mirentxu', 'La del manojo de rosas', 'Tosca' edo 'Manon Lescaut' zartzuela eta operen kantu eta ariak. Antzokitik irten nintzenean, Bidebarrietako aretotik zetozenekin gurutzatu nintzen kalean, eta ezagun bat baino gehiago agurtu nuen.
«Pena da ikustea hain mahai-inguru historikok ez zuela inon arrastorik utzi»
Baina hurrengo egunean ere aukeratu beharreko atakan izan nintzen. 15ean Arriaga Antzokian Joseba Sarrionandiaren testuekin osaturiko 'Kalaportu' ikuskizuna antzeztu eta kantatu zuten. Eta Bidebarrietan, 'novisimo'ak ziren taula gainean, Espainiako poesian autore ezagunak: Pere Gimferrer, Guillermo Carnero, Vicente Molina Foix, zertaz hitz egiten eta Blas de Oteroz, hain zuzen ere estetika guztiz desberdina landu zuen poetaz. Bazuen zeresanik mahai inguru horrek. Eta huraxe aukeratu nuen, 'Kalaportu' beste behin ikusteko aukera izango nuela nire buruari esanda. Haientzako unea erraza ez bazen ere, guztiz borobil aritu ziren novisimoak. Nolabait aitortu egin behar izan zuten denborak aurrera egin ahala, baretu egin direla Blas de Oteroz eta bere estetika sozialez zuten urruntasuna eta lotura falta. Guillermo Carnerok aitortu zuen poeta bilbotarra ezagutzeko beta eman diola 'Hojas de Madrid' liburuak eta poeta handi baten aurrean zegoela begi bistakoa zela. Aitorpen garaia izan zen, beharbada, eta pena da ikustea hain mahai-inguru historikok ez zuela inon arrastorik utzi: ez artikulurik, ez egunkari aipamenik, ez berririk inon. Eta benetan diot saioa punta-puntakoa izan zela. Hara non eta Bilbon, poeta kulturalistek aitortu egin zuten maisu baten aurrean zirela, eta hori ez zutela ikusi gazte zirenean, beren poesia Blas de Oteroren estetikaren aurka eraiki zutenean.
Guillermo Carnero izan zen zehatzena bere aipamenetan, zer esana aldez aurretik idatzia zuelako eta garbi erakutsi zuelako non eta zelan jarri zen bere gainean Blas de Oteroren poesiaren itzala, nola ikasi duen poeta handia maitatzen eta haren idazkera estimatzen. Pere Gimferrerek oroimen ariketa handia egin zuen, aurrean paperik ez zuela Blas de Oteroren testuak buruz errezitatu zituelako.
Ostiraleko iluntzean ere, eta Bidebarrietatik Arriagara nindoala ezagun asko agurtzeko beta izan nuen. Kulturaren bidegurutzeak: han eta hemen ekitaldia izan eta aukeratu beharra. Eta barnean poza, zeren bidegurutzeok gure artean bizi den kulturaren aberastasunaren seinalea besterik ez baitira.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión