«Kultur politika feministak eta indar soziala beharrezkoak dira berdintasuna lortzeko»
Eusko Ikaskuntzak Bilboko Udalaren eta Emakunderen laguntzarekin antolatu zuen ostegunean Bilboko Sinposioaren 26. edizioa
«Benetako berdintasunaren alde jokatzeko ezinbestekoak dira kultur politika feministak, baita herritarek erakustea euren indar soziala ere». Hori izan zen, beste zenbait gauzaren artean, Eusko Ikaskuntzak Bilboko Udalaren eta Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen laguntzarekin ostegunean antolatutako Bilboko Sinposioaren 26. ediziotik atera dezakegun ondoriorik agerienetakoa. BBK Kuna zentroan bildu ziren 'Kultur kudeaketa begirada feminista batetik' izenburupean, eta profesionalek, ikasleek eta gizarte eragileek parte hartu zuten foroan.
Esan bezala, bertan, kultur politika feministetarako bideak aztertu zituzten, kultur bizitzan, sorkuntzan eta ekoizpenean eta kultur gobernantzan genero desberdintasunik eta diskriminaziorik gabe parte hartzea bermatzeko. Haizea Barcenilla Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasleak eskaini zuen topaketaren hasierako hitzaldia, ondorengo galdera abiapuntutzat hartuz: «Kultur kudeaketa feminista, utopia ala helburu?».
Bacenillak kulturaren esparruan hainbat modutan eta kokapenetan jarduten duten emakumeen esperientzia eta estrategien bilduma aurkeztu zuen, eta elkarrizketa eta truke lan luze baten ondoren, sei eremutan bildu dituzten ondorioen berri eman zuen: prekarietatea, denboraren kudeaketa, ikusgarritasuna, autoritatea, balioztatzea eta espazio seguruak eta saretzekoak bermatzea. Bere ustez, oraindik bide luzea dago kultur kudeaketa feminista lortu arte, baina argi dauka «funtsezkoa dela taldean eta elkarri babestuz lanean aritzea.
Ekitaldian «solasaldi sortzaile bat» ere izan zen Ainara Azpiazuren (Tupust! kolektiboa) eta Ane Labakaren (Bertsolari feministen sarea) partaidetzarekin, Maialen Akizuk (Eusko Ikaskuntza) moderatuta. Jarraian, Artaziak Taldeak kultur kudeaketa feministaren ahulguneak eta indarguneak lantzeko tailerra gidatu zuen.
Jardunbide egokiei buruzko mahai inguru bat izan zen ostean, Oskia Ugarte (Huarte zentroa), Miren Jaio (Bulegoa) eta Usue Arieta (Tractora) partaide izan zirelarik, eta amaitzeko, Virginia Imaz artistaren 'Clownclusiones' emanaldia izan zen, ondorio nagusiak umorez bildu dituena.