https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Kronista arabiarrek utzitako Vasconiari buruzko testuak biltzen dituen liburua aurkeztu dute

Jokin Azkue HABEko zuzendari nagusia, Ander Irizar Euskarabidea Nafarroako Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Mikel Zalbide euskaltzaina izan dira liburuaren aurkezpenean./Europa Press
Jokin Azkue HABEko zuzendari nagusia, Ander Irizar Euskarabidea Nafarroako Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Mikel Zalbide euskaltzaina izan dira liburuaren aurkezpenean. / Europa Press

Goi Erdi Aroko Vasconia penintsularra aipatzen duten notizia guztien bilketa egin du Jesus Lorenzo Jimenez egileak, Euskaltzaindiak aurkeztu lanean

EL CORREO

Euskaltzaindiak Jesus Lorenzo Jimenez irakasle eta ikertzailearen 'La vasconia peninsular en las fuentes árabes (años 711-929)' liburua aurkeztu du, astelehen honetan, Donostiako Luis Villasante Ikergunean. Goi Erdi Aroko Vasconia penintsularra aipatzen duten notizia guztien bilketa egin du egileak liburuan, kronista arabiarrek utzitako Euskal Herriaren -batez ere, Nafarroaren- historiari buruzko testuak «birpentsatzeko» tresna bat eskueran izateko helburuarekin.

Guztira, 195 notizia, 24 egile eta 30 testutatik ateratako laginak bildu dira liburuan. Notizia edo berri emate horietan aipatzen diren toponimo guztien azterketarekin ixten da liburua (guztira, 52 leku izen). «Testu ugaritan barreiaturik dauden Vasconiari buruzko notizia guztiak bolumen bakar batean eskaini nahi izan ditugu eta, era berean, Europako hizkuntza batera egindako itzulpen eguneratu bat ikertzaileen eskuetan jarri», azaldu du egileak.

Kronika edo notizia horietan, arabiarrak Nafarroako egungo lurraldeez arduratu zirela aipatzen du Lorenzo Jimenezek: «Lurralde honek dauzkan bi poloak aipatu zituzten bereziki: Iruñea eta Tutera».

Aurretiaz ere egin izan dira antzerako lanak, baina honek baditu bestelako berezitasunak, egileak berak azaldu duenez: «Liburu honetan agertzen diren itzulpenek ez dute aurreko besteekin lehiatu nahi; aitzitik, horien osagarri dira, pauso bat aurrerago joan nahian. Itzulpen hauek ikertzaileei zuzendurik daude bereziki eta ikertzaile horiek, edukiaz gain, beste kontu batzuetan ere jartzen dute arreta: nork idatzi zuen testua, zer baldintzatan eta abar. Originaletik ahalik eta gertuen dagoen testua eskaintzen saiatu naiz: berdin arabieraz ez dakitenentzako edo arabiera irakurtzen dakitenentzat».

Liburuaren aurkezpenean, hedabideen aurrean ere agertu dira Jokin Azkue HABEko zuzendari nagusia, Ander Irizar Euskarabidea Nafarroako Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Mikel Zalbide euskaltzaina.