Borrar
Pedro Azpiazu eta Maddalen Iriarte. EFE
Kontu eske

Kontu eske

Eusko Jaurlaritzak eta EH Bilduk ezin izan dituzte adostu EAEko datorren urteko aurrekontuak. Azken hilabeteotan bi aldeen artean gozotutako giroak guztiz txarrera egin du bat-batean horren ondorioz. Ikusteke dago zenbateraino eragingo duen horrek funtsezko arloetako lankidetzan

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Lunes, 17 de diciembre 2018, 00:18

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Aurrekontuen onarpena oxigeno politikoa da edozein gobernurentzat. Ezinbestekoa bere programa osatzeko eta, epe luzexeagoan, baita bizirauteko ere. Baina biko Jaurlaritza egonkorra da eta badu tartea gorabehera handirik gabe aurrera egiteko, nahiz eta indarrean dauden aurrekontuak luzatu behar izan honakoan. Aurreko urteetan tramite hori neke handirik gabe bete izanak sendotasuna ematen diolako, sinesgarritasun erantsia. Hori ez da aldatzen. Dena den, azken asteotako negoziazioen hausturak zeharo ozpindu ditu EH Bildurekiko harremanak, bereziki horien eta EAJren artekoak. Hala islatzen dute alde bietako buruzagiek ostegunetik hona han-hemenka egindako adierazpen ugariek.

Zaurietarako moduko gaia da, aurrekontuen negoziazioa borobiltzeak lehen mailako konplizitate politikoa eskatzen duelako, eta lortu ezinak funtsezko ardatzei eragiten dielako. Ez ditu estatus politikoaren inguruko oinarrizko adostasunak kolokan jarriko, ziurrenik; baina horiek lantzeko eta zabaltzeko nahitaezkoa den bat-egite maila eragotziko du, mesfidantza beste sasoi batekora eramanda. Alternatiba izan nahian dabil Ezker Abertzalea, eta ez inoren osagarri. Eta hegemonikoa izateko borroka luzarorako galdua duen arren asmo horri eusten dio, kasuon bezala negoziazioa mugan jarrita.

Askoz erosoagoa da oposiziotik eskaerak egitea gobernutik horien ondorioak egoki neurtu eta kudeatzea baino. Horren jakitun izanda jokatu du EH Bilduk. Hala ere, zehaztasunetara jota, akordioak posible ematen zuen. Diru-sarrerak bermatzeko sistemari dagokionez, Jaurlaritzak %3,5eko igoera eskaini du 2019rako, eta beste horrenbestekoa 2020rako. Pentsioak jasotzen dituzten pertsonek 783,65 eurora arte hobetuko zuten orain dutena datorren urtean, eta 830,60ra arte hurrengoan. Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari (DBE) lotutako pentsiodunak 732 eurorekin bizi dira gaur egun eta, beraz, lortutako igoera 51,65 eurokoa zen 2019rako eta 98,60koa bi urtetan.

Horrez gain, pentsiodun izanda DBEren baitako onuradunen egoera pertsonalak eta horiei atxikitako beharrizan-egoerak aztertzeko sei hilabetetan txosten bat lantzea eskaini zuen Jaurlaritzak, batik bat egoerarik txarrenean dauden emakumezkoei dagokiena aintzat hartuta. Aldi berean, pertsona hauei begirako laguntzak kudeatzeko berezko unitatea sortu gura zen Lanbiden, harrera egiteko eredu esklusibo eta protokolizatu baten bidez.

Eskaintzak beste arlo askotakoak ere baziren, azkenengo momentura arte mahai gainean egon direnak. Enplegu-politikekin lotutakoak, esaterako. Baina baita osasungintzan, hezkuntzan, ingurumenean edota etxebizitza arloan 50 milioi euro gehiagoko inbertsio jasangarriak adostekoak ere, bi urtetan 142,6 milioira helduta.

Negoziatu dutenen azken aldeak txikiak izan dira gairik garrantzitsuenetakoetan. Jaurlaritzari, baina, ikuspegi zabala dagokio gastuak zehazterakoan, hainbat kolektibo kontuan hartzea. EH Bilduk 858 euro eskatzen zituen DBEko pentsiodunentzat, eta bazegoen hori 2021erako lortzerik. Orain aldiz, aurrekonturik gabe, daudenean geratu behar izango dute. Politikan, eta bereziki arlo ekonomikoan, ez dagoelako zirt edo zartekorik, hainbat aldagai eta aukera ondo neurtuta sistema jasangarria ahalbidetzea baizik. Hori da kudeatzaile on batek egin behar duena: lehentasunak ondo aletu eta sailkatuta, gizarteari bere osotasunean erantzunak ematea. Gazteek ere aukerak eta baliabideak behar dituztelako euren lehen enplegurako, osasun-sistema ahalik eta sendoena izan behar delako, gizarte moderno orotan hezkuntza oinarrizkoa delako edo-ta pobreziaren mugako guztiei lagunduz gutxieneko trinkotasun soziala bermatzen delako.

Pentsiodunei buruz dihardu EH Bilduk behin eta berriz egunotan. Eta ez dira onargarriak jeltzaleei egin dizkieten kritikak. EAJ izan zelako —jatorrian maitzean Mariano Rajoyrekin negoziatuta eta ordukoa Sánchezi ostean errespetarazita— horien egoera zehatz hobetzeko borrokatu zena eta Kontsumorako Prezioen Indizearen araberako igoera lortu zuena. Ukaezina da pentsiodunenganako jeltzaleek erakutsi duten konpromisoa eta orain ere ahalegin berezia egiteko agertu duten prestutasuna. Baina baliabideak eta eskumenak direnak dira, eta horiez gaindi estututa ez dago ezer adosterik. Bere estrategiak zergatik huts egin dion aztertu beharko du Ezker Abertzaleak orain, eta egoera akordiorako aukera zegoenean baino hobea izan dadin lortu ote duen. Ahal bada, demagogia baztertuta, erruaren zama inori jaurti barik. Eta, are gutxiago, pentsiodunenganako besteen konpromisoa modu bidegabean auzitan jarri gabe.

Aurrekonturik eza berri txarra da. Ez honentzat edo harentzat, erkidego gisa baizik. Eusko Jaurlaritzarena da negoziazio-kideei buruz hausnartzeko ardura eta aurrera begirako ondorioez erabakitzekoa. Errealismotik baino ezin delako inorengana gerturatu, aurrean duenaren borondatea neurtuta. Alde horretatik prozesu honek utziko dio irakaspenik ondorengoetan nora jo jakiteko. Maila honetakoetan taktizismo politikoa hitzartzeko konpromisoen gainetik jartzen dutenek aurrekoa eskegita uztea delako ohikoena.

Hauteskundez betetako urtea dator, eta horrek bazekarren aparteko arriskurik honakoan. EH Bilduri ez zaio komeni maiatzaren 26rako sei hilabeteren faltan Jaurlaritzarekin lotuta agertzea, eta bere baitako zenbait hori eragozten saiatu dira. Azpiazu sailburuak ondo daki nora artekoa zuen amore emateko aukera, kontu publikoen egungo egoerak zer eskaintzen duen. Inguruko beste edozein gobernurekin konparatuta honakoa aitzindari delako hainbat politika sozialetan, baina baita sistema denon onerako jasangarri egitekoetan ere. Eta hori bermea da gizarte osoarentzat, oposizioko erosotasunetik baten bati bost zein hamar berdin zaiola ematen duen arren.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios