Sail honek idazteko zaletasuna piztea du helburu. Argibide erraz gutxi batzuen bidez, eta zenbait adibide tarteko, gogoa duen edonork izango du bere lehen testuak idazteko aukera. Gainera, irakurleek aukera izango dute idatzitako testuak niri bidaltzeko, eta nik, trukean, haiei buruzko iritzia emango diet. Beraz, nahi izanez gero, nire helbidera bidal daitezke sortutako lanak: joxemelopezdearana@gmail.com
Publicidad
Oker dator hona titulua irakurrita Gabonen ostean hartutako soberako kiloak arintzeko ariketak aurkituko dituela pentsatu duen irakurlea.
Gaurko emanaldian, aldiz, testuak osatu eta, nahi bada, gizentzeko ariketak eskainiko dira. Hori bai, aurrekoetan bezala, bultzagarriren bat abiarazle dutela sortuko dira testuak. Oulipokideentzak delako eragile horrek 'hertsadura' izena hartzen bazuen, oraingoan baldintza horri 'kontsigna' esango diote.
Izan ere, 'Kontsigna bidezko literatura' da joan den mendeko 70eko hamarkadan Buenos Airesen sortu zen talde baten ideia eta proposamena. Hurrengo hamarkadan, talde hartako kide batek argitaratu egin zituen idazketa-esperientzia haiek, agian ezagunagoa den beste izen batekin: Grafein.
Kontsigna guztiek, apalenetik konplexuenera, imitazioz jokatzen dutela esan daiteke. Beti ere laburtasuna lagun, testu jakin batetik abiatzen dira, hura osatu, emendatu edo itxuraldatzeko.
Kontsigna sinpleenak testu bat osatzekoak dira. Esate baterako, ipuin labur baten hasiera emanda, ipuin osoa idaztea. Hiru hasiera proposatuko dizkizuet hemen, jatorriz zein ipuinetakoak diren esan gabe, zuek nahieran osatzeko. Hauxe da lehena: «Eskoziako herri batean liburuak saltzen dituzte, orri zuri bat dutenak liburukiaren tokiren batean…». Bigarrena, berriz, hauxe: «Ba omen zen bidaiari saltzaile bat, ezkerreko eskumuturrean mina hasi zitzaiona, ordulariaren azpian hain zuzen…». Hirugarrena, azkenik: «Goiz batean, amets nahasi baten ondotik itzartzean…». Ea zer ateratzen den.
Bide beretik, ez dakit lagungarri edo eragozle, posible da ipuin labur bat idazteko proposamena egitea, emanik haren hasiera («Zenbait egun lehenago zeukan irakurtzen hasita nobela. Presazko negozio batzuk zirela medio, laga egin zuen, eta berriro zabaldu basetxera itzultzean, trenean…»), erdialdeko zati bat («Hitzez hitz, heroien hautatu-behar lizunak erakarrita, bata bestearekin ongi ezkondutako eta kolore-mugimenduz hornitutako irudi haien pera bere buruari jare eginez, mendiko txabolan gertaturiko azken enkontruaren lekuko izan zen»), eta amaiera («Egongelako atea, eta orduan labana eskuan, leihoetako argia, besaulkiaren bizkarralde altu haren tertziopelo berdea, besaulkian buru bat, nobela bat irakurtzen ari zen gizonaren burua»). Ipuin ederra osatuko duzue inondik ere osagai horiekin.
Publicidad
Aurreko testu batzuk
Oulipo harrigarria (I)
Rodari, fantasiaren bideetatik
Imitazioz idaztea
Imitazioarekin lotura zuzenagoa duten jardueretara joz, aukera bat baino gehiago dago. Adibidez, mikroipuin bat emanda, testu hori handitzea proposatzen da, nahi den tokian hitzak, silabak edo esaldiak gehituz, baina jatorrizko testuan bestelako aldaketarik egin gabe. Horrek hasierako testuaren estiloa imitatzea dakar, edozein irakurlek testu berrian 'zaratarik' edo ezer arrarorik ez sumatzeko moduan. Segidan datorren adibidean, letra loditan agertzen diren atalak dira oinarri gisa hartutako Sarrionandiaren testuari gehitutakoak:
Behin batean, izena aitortuko ez diodan herri galdu batean, hitzak metodikoki eta kontu handiz biltzen zituen pertsona bitxi bat bizi zen. Eta ele asko bildu zuen, fama da ehun eta laurogei mila baino gehiago bildu zituela, Oxford Dictionary berriak eta Collins zaharrak bezala, nahiz eta haren hitz guztiak banan-banan zenbatzen inor ere ez den paratu.
Publicidad
Egunen batean helburu jakinen baterako erabiliko zituelakoan isilean eta zehaztasun osoz bildu, pilatu, batu eta metatu zituen.
Baina, besteak bezalako egun buruzuri batez, hitz eta berba egin nahi izan zuen eta berak bilduriko hitzen artean bilatu eta xerkatu zuen, eta berak esan nahi zuen hitzik batere ez zuen aurkitu.
Eta ez zuen gehiago bere bizitza osoan hitzik egin.
Beste aukera bat 'hutsuneak' betetzearen bidezko idazketak proposatzea da. Deskribapen testuren batetik adjektiboak ezabatu eta haien hutsuneak utziz, idazle berriak izenondo egokiak bilatu beharko ditu, berriro ere estiloari edo kontatzen denaren giroari eutsiz. Bide beretik, elkarrizketa lantzeko, bi pertsonaiaren arteko elkarrizketa batetik bi solaskideetako baten zatiak ezabaturik, elkarrizketa nahieran osatzea proposatzen da. Ariketa horren aldaera bat komiki bateko bunbuiloetako testuak ezkutatu eta berriak idatzaraztea da.
Publicidad
Beste itxuraldaketa asko dira posible. Esaterako, testu jakin bat hartuta, beste ikuspuntu batetik berridaztea (narratzaile orojakile baten bidez kontatuta badago, pertsonaietako baten ikuspuntutik ematea, adibidez). Edo hitz lauan idatzita dagoen testu bat bertsotan ematea. Edo alfabetoaren arabera berridaztea, garai batean famatu ziren Atxagaren lezio haien antzera.
Amaierarako utzi dut sail honetako jarduerarik bitxien eta subjektiboena. Kontsigna bidezko eskolakoek 'irudizko itzulpen' izena eman zioten: idazleak ezezaguna zaion hizkuntza batean idatzitako testu zati bat aukeratu behar du eta, ariketaren izenak dioen moduan, haren irudizko itzulpena egin behar du, nahi duen bezala, testuan topatzen dituen hitzek ekartzen dizkioten oihartzunetan edo lagun aizunetan oinarrituta, esate baterako. Testu berriak jatorrizkotik izango duen gauza bakarra esaldikako partiketa izango da, gehienez ere, baina haren itzulpen mota berezitzat hartuko da. Ariketa hau oso dibertigarria da, batez ere taldean egin eta sortzen diren irudizko itzulpen desberdin eta sarritan barregarriak konparatuz gero. Urte sortzaile berri on!
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión