

Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Martxorako iaz argitaraturiko ipuin liburu bi irakurtzea proposatuko dugu. Lehena Nerea Loiolak idatzi du, bestea Itziar Otegik plazaratu. Bi dira liburuak, bi ahots literarioak.
Begiratzen baditugu eranskin literarioak edo entzun han eta hor, bazterretan entzuten diren esamesak, ziurrenik ez dira agertuko idazle bion izenak. Egunkari orriek eta literatura aldizkariek bertsolaritzatik kontakizunera igaro diren idazleen izenak aipatu dituzte, bai nerabezaroroko hizkuntza osatuko dutelako, bai literatur lana 'â cléf nobela' gisa osatu dutelako, hau da testuan benetako pertsonaiak ezagutzeko modua eskaini dutelako.
Bazterrean geratu dira, agian, baina komentatu nahi ditugun lan biak bikainak dira literaturaren ikuspegitik.
Nerea Loiolak (1985) ezagutzera eman duen bigarren liburua da 'Zebrak eta bideak', pixkanaka traiektoria bat indartzen duela adierazten duen seinalea. Ipuinaren generoa maite du, eta niretzat daukat borondate irmo batek gidatu duela bere ahalegina. Oraingoan ere ezaugarri nagusi bi ageri dira bere kontakizunaren ortzimugan. Esperimentazioa lehenik, egunerokoan sortzen den arrakala ondoren.
Desberdinak dira liburuan ageri diren sei ipuinak, eta bakoitza arau desberdin bati jarraituz osotu duela esan dezakegu. Bakarrizketa mingotsak sortu du lehen ipuina. Iraganaren itzulera garratzak eman dio tonua bigarrenari, aspaldian senar eta emazte izandako pertsonaien arteko elkarrizketa ustelari. Errealitatearen eta ametsaren arteko tolesdurak osatu du nahiaren eta gertatuko ez denaren arteko joko ironikoan moldatu den 'Birentzako ohea' deituriko ipuin sotilari. Ipuin bakoitzak bere tonua du, bere hizkera berezia, bere erritmoa eta bere tekniko sotila. Ugaritasun horretan egilearen esperimentazio borondatea ageri da.
Gai aldetik, ordea, egunerokotasunaren barnean pertsonaien artean sortzen diren arrakalek dute lehentasuna. Ama eta alaba, senar-emazte ohiak, egunerokotasunetik ihes egitea amestu duen emakumea… Ipuin guztiek dute arnas luzeko istorioak kontatzeko gogoa. Eta horrelakoak dira Nerea Loiolaren ipuinak, neurriz luzeak, psikologiak eta pertsonaien eraketa zainduak kiribiltzen dute narrazioaren mataza.
'Ezer ez dago utzi nuen lekuan' liburuarekin irabazi zuen Itziar Otegik (1972) 2024ko Donostia Hiriko Kutxa Literatura Saria. Bere lehen lana da, itzultzaile gisa aritu ondoren lehen sorkuntza lana, eta aitortu behar dugu ipuin liburu borobila eman duela ezagutzera. Aldaketak dira, izenburuak esan bezala, ipuinon erdigunearen izaera. Ezer ez dago jada bere lekuan, protagonistek, objektuek baino gehiago, aldatu dute beren izaera ipuinaren hasieratik bukaerara.
«Beste bat bihurtzen ari naiz» esaldia aukeratu du egileak liburua zabaltzen duen aipuan, kontakizunen esanahi orokorra adierazi gurean. Eta bai, beste norbait bihurtzeko bide hori da liburuko adierazpen nagusia. Hasi gaitezen liburua hasten den kontakizunetik. 'Niri ez zait gertatuko' deitu du Otegik, eta bertan irmo ageri da neskatxa protagonistaren erabakia, berari ez zaio gertatuko, berak «aurkituko du» bera benetan izateko bidea. Norbera nor den jakiteko eta bizitzeko bidean ari dira protagonistak.
Bilduma horretan gehien txunditu ninduen ipuina 'Ez nazazu konta inori' deitutakoa da, obsesio bat medio, bere izaera guztiz aldatzen duen pertsona baten historia. Gainera, kontakizunaren beste aldea erakutsi zaigu hurrengo ipuinean, errealitate bat mugatzeko ikuspegi bi beharrezkoak balira bezala.
Gaiaren batasunak eman dio borobiltasuna liburuari, bizitzak ekarritako aldaketan bizi diren pertsonaien ugaritasuna marrazten duelarik.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.