Jean Wahl eta transzendentzia
Filosofia ·
Garai batean, Wahl Frantziak zuen filosofia garaikidearen irakurle eta interprete eraginkorrena zen. Baina, 1941ean, Gestapok atxilotu eta espetxeratu zuenHitz batzuek erabilera berezia edo propioa dute kulturaren esparru hautatu batean. Filosofia ikasi duen edonork daki hitz bitxiak erabili izan direla historian zehar filosofiazko ideiak bideratzeko. Hori dela eta, tradizio filosofikoan zenbait idazlek hiztegiak idatzi dituzte, interesa duten irakurleak terminologiaren uretan ito ez daitezen. Horien artean lehenetarikoa Voltaire pentsalari frantsesa izan zen. Voltairek Ilustrazioaren bokazio hezitzailea hedatu nahi zuen eta hiztegiaren bitartez ideia sofistikatuenak herritarren esku-artean jarri zituen.
Giza zientzietan, XX. mendean gertatu zen terminologiaren ugaritzea eta horren adierazgarri dira filosofian eta semiologian garatu ziren terminologiazko ñabardura bukaezinak. Hizkuntzazko labirinto horretan norbere burua gidatu ahal izateko, autoreek hiztegi filosofikoen ideia berreskuratu zuten. Esate baterako, Ferrater Morak gaztelaniaz argitaratu zuena gida lagungarria izan daiteke filosofiaren atarira hurbiltzen den ororentzat.
Hitz berezi horietako bat aukeratuko dugu oraingoan, XX. mendeko totalitarismoen gehiegikeriak jasan zituzten pentsalarien artean esanguratsua bilakatu zelako. Hitz hori 'transzendentzia' da eta XX. mendeko autoreen lanetan baldintza historiko larriei erantsita azaltzen da. Pentsalari horien artean Edmund Husserl eta Jean Wahl ditugu, biak judutar jatorria dutenak eta filosofiako irakasle ospetsuak.
Wahlek Frantziako giro filosofikoan eragin handia izan zuen 1937ko abenduan 'Subjektibitatea eta transzendentzia' izenburuko hitzaldi bati esker
Jean Wahl garai batean Fran-tziak zuen filosofia garaikidearen irakurle eta interprete eraginkorrena zen. 1940an, alemaniar okupazioa gertatu zenean, Baionara egin zuen ihes, gurasoek euskal hiriburuan baitzuten gordelekua. Urte bereko urriaren 3an legedi berri bat sartu zen indarrean Frantzian, zeinak judutarrak irakaskuntzako lanpostuetatik baztertzen zituen. 1941eko uztailean Gestapok atxilotu eta La Santéko espetxera eramanda, hogeita hamasei eguneko galdeketa saioak jasan behar izan zituen. Pelikula bat egiteko adina gorabehera bizi ondoren, 1942ko uztailaren 31n Frantziatik Estatu Batuetarantz atera zen, azken judutar errefuxiatuak zeramatzan itsasontzian. Jean Wahlen libururik garrantzi-tsuena 'Vers le concret' da (1932, Konkreturantz).
Wahlek Frantziako giro filosofikoan eragin handia izan zuen 1937ko abenduan 'Subjectivité et transcendance' (Subjektibitatea eta transzendentzia) izenburuko hitzaldi bati esker. Une hartan existentzialismoak arrakasta zuen Europa osoan eta larritasunaren kontzeptua boladan jarri zen. Larritasuna Kierkegaarden teologiazko pentsamenduan azaltzen zen, gizakia ohartzen denean bere subjektibotasunaz kanpo zerbait dagoela, ez dena erraza atzematea onbera edo gaiztoa den, aingeruzko edo deabruzko natura duen. Beraz, transzendentzia larritasunari lotuta azaltzen da Kierkegaarden pentsamenduan. Kierkegaarden ideia hauek Alemanian arrakasta izan zuten eta existen-tzialismoa izeneko joera filosofikoan landu ziren. Existentzialistak Kierkegaarden pentsamendua sekularizatzen saiatu ziren, hau da, teologiazko kutsurik gabeko subjektuaren kanporatze-joera (ex-sistentzia) deskribatzen.
Hori da Jean Wahlen hausnarketaren abiapuntua. Wahlek Kierkegaard zuzenean interpretatzen du eta horregatik esan daiteke existentzialisten interpretazioaren alternatiba bat proposatzen duela. Wahlentzat transzenden-tziaren kontzeptuak bi gertakari eguneratzen ditu. Alde batetik, mundua ez dela guztiz atzemangarria, hau da, sarritan ezagutzaren ustezko ziurtasuna salbuespeneko aukera dela. Bestetik, gizakiaren gainetik eta azpitik dauden indarrez ohartzen dela subjektua. Subjektuaren gainetik fenomeno menderaezinak daude: gerrak, dominazioak eta heriotzak. Azpitik, instintuen eta emozioen bizitza dago, Nietzschek erakutsi zuen moduan. Horregatik, Wahlek uste du transzendentzia ezin dela izan gauzekiko dugun joera finko eta mugiezin bat. Alderantziz, munduaren eta subjektuaren arteko harremanaren arabera, mugimendua eskatzen duen joera bat da.
'Transzendentzia' hitzak etimologikoki igoera adierazten baldin badu ere, Wahlek zabaldu egiten du hitzaren zentzu etimologiko hori. Esate baterako, kulturaren eraginez espiritualtasuna nagusi denean instintuzko bizitzak dei egiten dio norbanakoari. Wahlen-tzat hori ere transzendentzia da. Horregatik, Wahlek proposatzen du transzendentzia bi fenomenotan saihestea, 'trans-ascendance' edo goranzko mugimendua eta 'trans-descendance' edo beheranzko mugimendua. Wahlen aburuz mugimendu hori artisten praktikan nabarmentzen da. Wahlek, adibide gisa, Rimbaud, Van Gogh eta Nietzsche aipatzen ditu. Esan dezakegu Wahlen transzenden-tziak existentzialisten pentsamenduak zituen bi ezaugarri ekidin nahi dituela: faktikotasuna eta historikotasuna. Horrekin Wahlek esan nahi duena da inguruabarrek eta kokapen historikoak ez dutela azken hitza gizakiaren patuan.
Wahlek transzendentziari buruz duen ulermena originala baldin bada ere, aipatu behar da badaudela transzendentziaren ideia baztertu duten pentsalariak. Horien artean Jürgen Habermas aipatu daiteke. Habermasen akzio komunikatiboan asmoak eta motibazioak ahoskatu egin behar dira helbide onargarri baterantz abia-tzeko. Transzendentzia ez da beharrezkoa horrelako eredu komunikatibo bat mantentzeko. Baina Habermasen ereduan badago lekua 'Einstellung' (jarrera) deitzen dion ideiarentzat. Habermasentzat jarrera egokia beharrezkoa da gizartean elkar ulertze helburua betetzeko. Jarrera bakar bat baino gehiago existitzen dira, ordea, eta gauzen egoera batekiko jarrera modu erosoan lotzen da Wahlen transzendentzia mugikor eta ahulkorrarekin. Jarreraren eta transzendentziaren arteko hurbiltasuna modu argitsuan erakusten du Olivier Messiaenen 'Quatuor pour la fin du temps' lanak. Musikagile frantziarrak Stalag VIII-A gatibu-esparruan zegoela ida-tzi zuen eta 1941eko urtarrilaren 15ean esparru barnean estreinatu zen. Euripean eta tresna zaharretan jota, txalo hotsaren ordez inguruabar historikoa gainditzen zuen isiltasunez hartu zuten en-tzuleek, atxilotuek eta zaindariek, lan transzendentala.