Jasone Cenoz, Amanda Sierra eta Marta Olazabal ikertzaileen lana aitortu dute
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Ikerbasquek emakume ikertzaileen lana aitortzeko antolatzen dituzten aintzatespenen laugarren edizioa izan da aurtengoa.
Zurekin
Asteazkena, 28 iraila 2022, 16:52
Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketan diharduten Jasone Cenoz, Amanda Sierra eta Marta Olazabal ikertzaileei aitortzak banatzeko ekitaldia egin da asteazken honetan Bilbon, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu eta Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioko presidentea buru izan dela.
Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea, Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektorea eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektorea ere izan dira bertan, bai eta Euskadiko unibertsitate, ikerketa zentro eta zentro teknologikoen ordezkariak ere. Halaber, Bilboko Botikazar Institutuko Batxilergoko ikasle talde bat ere izan da ekitaldian.
Bertan azaldu dutenez, aitortutako emakume ikertzaileak aukeratzeko, Ikerbasquek Euskadiko emakume ikertzaileen ekoizpen nahiz ekarpen zientifikoei buruzko datuak aztertu ditu. Amaierako hautaketa Ikerbasqueko Patronatuaren Ordezko Batzordeak egin du, Fundazioko Batzorde Zientifikoak baliozkotuta. Batzordeak hiru kategorietako ikertzaileen maila zientifiko altua azpimarratu du, eta horrek, batzordearen esanetan, «agerian uzten du Euskadin emakume ikertzaileek egiten duten zientziaren ahalmen handia».
Gaurko ekitaldiari dagokionez, 'Advanced' ikerketa arloko karrera osoaren aitorpena jaso du Jasone Cenoz EHUko Hezkuntzarako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoen Saileko katedradunak; 'Consolidator' ikerketa arloko lidergoaren aitorpena Achucarro ikerketa zentroan diharduen Amanda Sierra Ikerbasqueko Research Professor ikertzaileak, eta 'Starting' ikertzaile gazte baten ekarpen nabarmenaren aitorpena BC3 Basque Centre for Climate Change ikerketa zentroan ari den Marta Olazabal Ikerbasqueko Research Associate ikertzaileak.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Ikerbasquek emakume ikertzaileen lana aitortzeko antolatzen dituzten aintzatespenen laugarren edizioa izan da aurtengoa. Berez ez da sari bat, Euskadiko emakume ikertzaileak eta horien lana bistaratzeko modu bat baizik, ikertzaileen belaunaldi berrien eredu eta inspirazio izan daitezen.