https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Itzulera zaila

'Rosa itzuli da', liburuaren azala./
'Rosa itzuli da', liburuaren azala.

Javier Rojo
JAVIER ROJO

ETAkoa izateagatik kartzelan hogeita bost urte egon ondoren, Rosa herrira itzuli da. Bizitza erdia pasatu du giltzapean eta bat-batean egoera berri batean egokitu beharrean dagoela ikusi du, buruan eraiki duen ideiarekin oso bat ez datorren egoera batean. Abiapuntu honekin tesi nobelaren itxura hartzen du Pako Aristiren eskutik datorkigun 'Rosa itzuli da' izenburuko nobela honek. Rosa herrira itzuli da eta pertsonaia honek heroiaren tratamendua espero du, ia-ia halakotzat har dezatela exijitzeraino. Baina garaiak desberdinak dira. Bere gaztaroan bizitza osoa politikaren ardatzaren inguruan antolatzen zen. Bueltatzean, ordea, politika bigarren maila batean geratu dela ikusi du eta bera bezalako pertsonaiak gizarte abertzalearentzat ere deserosoak izan daitezkeela konturatu da, batez ere sinbolo bezala erabili nahi dutelarik. Nobelan agertzen diren elkarrizketetan talka hauek aurkezten dira, pertsonaien arteko kontrajarpenak barik ideien arteko topaketak izango bailiran elkarrizketok.

Baina hasieran narrazio politikoaren izaera duenak thrillerrera jotzen du poliki-poliki, gizarte berrian egokitzean dituen zailtasunak kontatzen direlarik pertsonaiak amarekin duen harremanean sakondu ahala. Izan ere, amak alzheimerrarengatik oroimena galtzen duen bitartean, haren bizitzan misterio handiak daudela ikusten du protagonistak eta haiek argitu beharra sentitzen du. Rosak lotura berezia aurkitzen du orduan berak hartutako erabakien eta amak ezkutatzen zuen sekretuaren artean, dena karma berezi baten bidez elkartuta baitago. Amaren misterioek, dena dela, geruza asko dauzkate, eta dena argitzekotan dagoela dirudienean, beste misterio bat azaltzen zaio espekulazioen bidez baizik konpondu ezin daitekeena.

Eleberria

Egilea:
Pako Aristi.
Argitaletxea:
Erein Donostia, 2018. 224 orr. 18,00 euro

Pako Aristik euskal gatazkaren gaia ETA ondoko garai batean kokatu du eta bertan nabarmen geratzen da aro berriek jarrera berriak eskatzen dituztela, aggiornamento honek nahiko lampedusarra badirudi ere. Nobelan aurkezten diren elkarrizketa hiperpolitizatuek oso ondo erakusten dute zeinen arin pasatzen diren garaiak, eta nola lehen sendoa zirudiena deseginda agertzen den, ahanztura zabaltzen den bitartean.

Temas

Euskera