Itxaro Bordak 'Mugari tirorik ez' idazlan pertsonala irakurriko du, larunbatean
Euskaltzaindiak baxenabartarra euskaltzain oso izendatu zuen iaz. Olerkiak eta muga hitzak bere baitan izan dituen eraginak eta esanahiak jorratuko ditu
Leire Larrazabal
Osteguna, 26 urria 2023, 18:43
Orain dela urte bat, iazko azaroaren 26an hain zuzen ere, Euskaltzaindiak Itxaro Borda baxenabartarra euskaltzain oso izendatu zuen. Eta larunbat honetan, Akademiaren barne-arauek agintzen dutenari jarraituz, sarrera-hitzaldia egin beharko du, Baionako Herriko Etxean, 10.30ean.
Horrela, musikaz giroturiko atariko saio baten ondoren, ekitaldi instituzionalaren txanda helduko da. Euskaltzainburuak eta Baionako auzapezak ongietorria egingo diete bertaratutakoei eta, jarraian, Bordak hartuko du hitza, 'Mugari tirorik ez' izeneko idazlan pertsonala irakurriko duelarik. Zehazki, mugaren kontzeptuaz, euskararekin duen harremanaz edo euskal idazle gisa bizi izan duen bizipenaz arituko da.
Sagrario Aleman euskaltzain osoak erantzungo dio, eta Bordaren bizipenak, idatziak eta kezkak zeintzuk diren azaltzeaz gain, euskararen muga administratiboak izango ditu hizpide Euskaltzaindiaren Jagon sailburuak. Bukatzeko, euskaltzain berriak karguaren zina egingo du, eta euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jasoko ditu euskaltzainburuaren eskutik.
Borda Historian lizentziaduna da eta ogibidez postaria izan da Parisen lehenengo eta Zuberoan eta Lapurdin azkenik, erretiroa hartu arte. Literatura ibilbideari so eginez gero, 1981ean 'Maiatz' aldizkariaren sorreran parte hartu zuen. 2002an, Euskadi Saria irabazi zuen '100% basque' lanari esker. Eleberri andana ere argitaratu du: 'Udaran betaurreko beltzekin', 'Bakean utzi arte', 'Jalgi hadi plazara', 'Zeruetako erresuma'... Hainbat sari eskuratu ditu bere idazle-ibilbidean, besteak beste, arestian aipaturiko Euskadi Saria (2002), Galiziako PEN erakundearen Rosalia de Castro saria (2010), Sarako Liburu Azokako saria (2016), Eusko Ikaskuntza-Baiona Hiria saria (2019) eta Gehitu saria (2021). Euskaltzain urgazle izendatu zuten 2021eko azaroaren 26an eta euskaltzain oso 2022ko azaroaren 26an.