Irati Andak eta Aroa Arrizubietak irabazi dute azken final-laurdena Arabako Binakako Bertsolari Txapelketan
Finalerdietan Unai Anda-Iñaki Viñaspre, Martin Abarrategi-Manex Agirre, Manuel Bendala-Oihane Perea, Peru Abarrategi-Beñat Garaio eta Xabi Igoa-Felipe Zelaieta bikoteak ere izango dira haiekin batera
Paul Picado
Astelehena, 26 apirila 2021, 20:19
Irati Anda eta Aroa Arrizubieta bertsolariek osatutako bikoteak irabazi du martxoan hasi zen Arabako Binakako Bertsolari Txapelketako azken final-laurdena. Horrela, finalerdietan, besteak beste, Unai Anda-Iñaki Viñaspre, Martin Abarrategi-Manex Agirre, Manuel Bendala-Oihane Perea, Peru Abarrategi-Beñat Garaio eta Xabi Igoa-Felipe Zelaieta bikoteak ere izango dira haiekin batera.
Final laurdenetako azken kanporaketa Oionen izan zen joan den larunbatean. Norgehiagoka horretan Oihane Perea-Manu Bendala, Irati Anda-Aroa Arrizubieta eta Rikardo Gonzalez de Durana-Ander Aranaburu bikoteak aritu ziren. Azkenean, aipatutako azken bi bikoteak geratu ziren hurrenez hurren lehen eta bigarren postuetan. Horrenbestez, finalerdietarako sailkatu diren azken bi bikoteak izan dira.
Lehen finalerdia maiatzaren 8an izango da, Amurrion, eta hor, Irati Anda-Aroa Arrizubieta, Unai Anda-Iñaki Viñaspre eta Manuel Bendala-Oihane Perea bikoteak arituko dira aurrez aurre. Bigarren finalerdia, berriz, hurrengo egunean izango da, maiatzak 9, Gasteizen, eta kanporaketa horretan gainerako bikoteek parte hartuko dute, hots, Martin Abarrategi-Manex Agirre, Peru Abarrategi-Beñat Garaio eta Xabi Igoa-Felipe Zelaieta bikoteak.
Bi kanporaketetan egin beharreko lana bera izango da. Hau da, 14 bertso puntuagarri izango dira. Binaka, gaia emanda, hiruna bertso egin beharko dituzte hamarreko handian, bikotekidearekin. Binaka berriro, gaia emanda, hiruna bertso, baina zortziko txikian, eta kasu horretan, bikote aurkariarekin egingo dituzte. Gero, binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian, bikote aurkariarekin.
Amaitzeko, kartzelako lanari buruz arituko dira. Horrela, bikotekidearekin, gaia emanda, 6 bertso osatu beharko dituzte, eta bakarka, gaia emanda, bina bertso egin beharko dituzte, norberak aukeratzen duen doinu eta neurriarekin.