Irailekoak poesia jaialdia Lekeitiora itzuliko da hirugarren edizioan
Aurten egun bat gehituko zaio egitasmoari eta hitzaldiak, errezitaldiak, antzerkia, eta omenaldiak izango dira udalerri bizkaitarrean irailaren azken asteburuan
Irailekoak poesia jaialdia Lekeitiora itzuliko da irailaren azken asteburuan, iaz Lapurdiko Itasu udalerrian ospatu ondoren. Aurten egun bat gehitu zaio egitasmoari eta poesiazaleek hitzaldi, errezitaldi, antzerki eta beste zenbait omenaldiez gozatu ahalko dute, hilaren 26an, 27an eta 28an. «Jaialdi honen bitartez, euskal poeten lana gizarteratu nahi da, eta beste bazter batzuetako poetek ere izango ditugu gure artean: Chus Pato eta Espainiako Sari Nazionala jaso berri duen Miriam Reyes galiziarrak dira edizio honetako gonbidatu bereziak», esan du Miren Agur Meabe idazle eta euskaltzain osoak, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan astearte honetan egindako aurkezpenean. Berarekin izan dira Andres Urrutia euskaltzainburua eta Ander Aldazabal Lekeitioko alkatea.
Hirugarren edizio honen egitarauari dagokionez, nabarmendu dute hitzaldi nagusian poesiak aberriaren gaia nola jorratu duen aztertuko dela. «Hedoi Etxartek 'Aberri galduaren bila' hitzaldia eskainiko du bigarren egunean Rekreatiba elkartean eta galdera ezberdinak planteatuko ditu emanaldi horretan, hala nola, 'zer da aberria niretzat?', 'zein da nire aberria?' edo 'badugu aberririk?'». Era berean, Meabek gaineratu du «ziurrenik Chus Pato eta Miriam Reyesen solasaldian ere, galego nazionalistak diren ezkero, gai hau aterako dela», eta bestelako ekintzetarako ez dela aberriaren inguruko enkargurik egin eta idazleei «libre» utzi zaiela. Izan ere, «ekimen hau bere lanak zabaltzeko eta jendaurrean aurkezteko plaza bat izatea gustatuko litzaiguke».
Ildo horretan, poesia jaialdia antzezlan kitzikagarri batekin estreinatuko da. Hain zuzen, Formol Laborategiko 'Heriotzak Eduardo du izena' antzezlanarekin (irailaren 26an, 20.30ean, Ikusgarri zineman). Susa argitaletxearekin batera ekoiztutako lana da hori «eta beraiek ez-errezitaldi bat planteatzen dute, hankaz gora jarriz poesia-errezitaldien betiko modu eta ereduak, umorez eta samurtasunez beteriko lanean». Eusebio Erkiaga euskal kulturaren «eragile sutsuari» ere omenaldia egingo zaio, Eliz Atean plaka bat jarriz (Xabier Galletebeitia bertsolariaren parte-hartzea nabarmendu dute), eta bertaratutakoak Eider Beobide itzultzailea eta Xalba Ramirez eta Peru Galbete musikarien partaidetza izango duen 'Rifqa: honengatik egiten dugu dantza' errezitaldi musikatuarekin hunkituko dira, Mareaerrotan. «Lan hau Mohammed el-kurd idazle palestinarra amamari egindako omenaldia da, kolonialismoa eta basatikeria salatzen duena», esan dute.
Aipatutako ikuskizunez gain, nabarmentzekoak dira Txomin Hegi, Gotzon Barandiaran eta Ane Labakaren emanaldi berezia San Juan Talakon, Unai Egia eta Toki musikarien laguntzarekin, eta Leire Vargas, Iker Aranberri, Raquel Pardo, Edu Zelaieta eta Luzien Etxezaharretaren ohiko ibilbide poetikoa, «euren lerroek jantziko baitute Lekeitio modu berezi batean ezagutzeko aukera aparta». Hori nahikoa ez balitz, Rekreatiba elkarteak 'Sonora' ikuskizun poetikoa jasoko du jaialdiari amaiera emateko.
Bitxikeria gisa, aurreko edizioetan bezala, aurten ere Irailekoak jaialdiak aldizkari propioa izango duela iragarri dute aurkezpenean. Aldizkari hau datorren astetik aurrera hasiko da banatzen, bertan aurkeztuko diren lanei buruzko analisi eta gogoeta batzuekin.