'Kuko, Truko eta Bolenwaider', 'Alice ispiluan' eta 'Noraren sekretua', Kupula Bilbao zikloan
«Hurbileko antzerkia»z gozatzeko aukera eskainiko du ekimenak irailean, Campos Elíseos antzokian
Campos Elíseos Antzokiak Kupula Bilbao bilbotar konpainien zikloari helduko dio berriz hilabete honetan, Bilboko Udalaren laguntzaz. Cúpula Aretorako sortutako programazioa da hori, hiriko antzerki-tradizioa eta bertoko sorkuntza garaikidea uztartu nahi dituena, Bilboko egile, zuzendari eta aktoreen lana sustatzearekin batera. Horrez gain, zikloaren bitartez, batez ere bertoko konpainiei ibilbide zabalagoa eskaini eta ikusleei «hurbileko antzerkia» dastatzeko aukera eman nahi zaie, bai gaztelaniaz zein euskaraz.
Publicidad
Irail honetan, beraz, askotarikoa izango da eskaintza. Irailaren 12an eta 13an hasiko da, 'Play Out: muriendo de éxito' lana emanez. Lola Baldrichek, Diego Pérezek eta Gorka Mínguezek gidatuta, ibilbide laburreko gezur baten historia dakar obrak. Haren ondorio errentagarriek gezur hori luzatzera bultzatuko ditu, absurdoaren mugetaraino. Antzezlana erakargarri xamarra da eta ikusleen eskariei erantzun ahal izateko, areto nagusira eramango dituzte Campos Elíseos Antzokiaren arduradunek.
Egun batzuk beranduago, irailaren 19an (larunbata), ikuskizun oso desberdin bi izango ditu Kupula Bilbaok, ikusle guztientzat egokia den ziklo baten barruan. Arratsaldeko lehenengo orduetan, 'Kuko, Truko eta Bolenwaider' pailazoek etxeko txikienen irriak eragingo dituzte. Izan ere, 'Kuko, Truko eta Bolenwaider' pailazo-hirukoteak Euskal Herrian aitortza gehien jasotzen dutenetakoa da. Ia bi hamarkadako ibilbidea eta 800 emanaldi inguru egin ondoren, txikienen gozamena eragiten dute haien bihurrikeria xelebrek.
Arratsaldearen amaieran, bestalde, hurbileko antzerkiarekin jarraituko dute ikusleek 'A solas con… Gorka Mínguez: El chef' lanari esker. Gastronomiaren eta komediaren arteko erdibidean, sukaldariak ikusleekin partekatuko ditu bere trikimailu eta atsekabeak, bere teknikak eta ilusioak, haien dastamena, usaimena eta dramarako sena aldi berean kitzikatuz . Hala erakutsiko digu balio duenak balio duela, eta balio ez duenak irakatsi egiten duela.
Segurtasun protokoloak
Kupula Bilbaoren arduradunek nabarmendu dutenaren arabera, iraila kurtsoaren hasiera baino ez da izango, ziklo honen antzerki-eskaintzak abendura arte iraungo baitu. Askotariko eskaintza izango da, jostagarria eta hunkigarria. Urrian iritsiko zaigu Improtxou ikuskizun paregabea, Chema Trujillo bakarti ausartaren komedia eta haren 'A solas con… Chema Trujillo: Quijote Kill'; Nora txikiaren umeentzako antzerkia, 'Noraren sekretua' lana eskainiz; bikote-harremanei buruzko 'Pretérito imperfecto komedia'; 'A solas con… Rakel R. R. (Arymux)' ikuskizun inklusiboa; eta 'Alice ispiluan' barrena lana, Hitzak txorabiatzen konpainiak antzeztuta.
Publicidad
Campos Elíseos Antzokian segurtasun eta higiene-neurri zorrotzak ezartzen dira obrak antzezten direnean, berariaz sortu den eta ikusleen zein langileen segurtasuna bermatzen duen protokolo bati jarraituz. Campos Antzokiaren webgunean ikus daitekeen protokolo horrek, besteak beste, eraikinaren barruan musukoa erabiltzeko, segurtasun-distantzia uzteko beharra –horretarako besaulki batzuk erabiltzea eragotziko da areto guztietan-, etab.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión