Ipar Euskal Herriko eskoletan murgiltze eredua exijitzeko gida bat kaleratu dute
Egun, euskarazko murgiltzearen alde egiten duten 19 egitasmo daude martxan Ipar Euskal Herriko eskola publikoetan
UNAI SARRIUGARTE
Larunbata, 23 apirila 2022, 21:33
Ipar Euskal Herriko eskoletan murgiltze eredua exijitzeko gida bat kaleratu dute. Izan ere, Parisek Ipar Euskal Herrian murgiltze eredua ezartzea eskatu duten ikastetxeei trabak jarri dizkietela salatu dute. Hori dela medio, eskaera honen nondik-norakoak nolakoak diren zehazten duen gida bat plazaratuko dute oraingo honetan.
Eskaera hauxe eskola kontseiluko edozein kidek gauzatu dezake. Lehendabiziko urratsa gutun bat idaztea da, bai Hezkunde Nazionalari, eta baita Euskararen Erakunde Publikoari ere honen berri emanez.
Horren ondoren, batzar bat egin beharko da gurasoei proiektuaren xehetasunok aditzera emateko asmoz. Bilkura honetan Hezkunde Nazionala, Herriko Etxea, Euskararen Erakunde Publikoa, talde pedagogikoa eta gurasoen ordezkariak izan beharko dira.
Hirugarren, eta, eman beharreko azken pausua, eskolako zuzendariak txosten pedagogikoa prestatzea izango da, ikastetxe horretan eman beharreko euskarazko murgiltze eredua ahalik eta hobekien azalduz. Hori jada prestatuta, txosten ofiziala bidali beharko du zentroak Pirinio Atlantikoetako Hezkunde Nazionaleko zuzendaritza akademiara. Eskaerok datorren urteko urtarrila baino lehen landu behar dituzte.
Azken urteotan Ipar Euskal Herrian euskara murgiltze eredu bezala emateko aukera eduki dute eskola publikoetako ikasleek. Dena den, hauxe ez dute eskubide bezala aitorturik, Frantziako legediak bere baitan duen esperimentaziorako eskubidearen bidez hartzen baitute aintzat aukera. Egun, euskarazko murgiltzearen alde egiten duten 19 egitasmo daude martxan Ipar Euskal Herriko eskola publikoetan.