https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Inprobisazio koktela

Maialen Lujanbio bertsolaria./Blanca Castillo
Maialen Lujanbio bertsolaria. / Blanca Castillo

Urriaren 9tik 14ra egingo da Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira, eta Kubako Tomasita Quiala repentistak, Araceli Argüello Argentinako payadoreak eta Amets Arzallus, Jone Uria, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Xabi Igoa bertsolariek hartuko dute parte

AMALIA IBARGUTXI

Bertsolaritzarekin batera, munduko beste kultur adierazpide batzuk taularatuko dituen Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira urriaren 9tik 14ra egingo da, Iruñean hasita, eta egunero emanaldi bat eskainiz udalerri desberdinetan. Erandio, Hernani, Gasteiz, Baiona eta Donostian izango dira. Kubako Tomasita Quiala repentistak, Araceli Argüello Argentinako payadoreak eta Amets Arzallus, Jone Uria, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Xabi Igoa bertsolariek hartuko dute parte biran.

Iruñeko Kondestablearen Jauregian aurkeztutako moduan, Mintzola Ahozko Lantegiak eta Lanku Kultur Zerbitzuek garatu dute proiektua. Maider Beloki Iruñeko Udaleko Kultura eta Hezkuntza alorreko zinegotzi ordezkariak eta Julio Soto bertsolari eta birako parte-hartzaileak prentsaurrekoan azaldu dutenez, tokian tokiko erakunde antolatzaileekin aritu dira agenda osatzen.

«Tomasita Quiala Kubako punto cubanoaren ordezkari garrantzitsuenetakoa da eta jada egona da Iruñean, 1998an Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatutako Bertsoaroan hartu baitzuen parte. Gazteagoa izanagatik ibilbide esanguratsua du Araceli Argüellok ere, 23 urte baititu eta duela 10 urte pasatxo hasi baitzen payadan», jakinarazi du Belokik.

Beraiekin txandakatuz hartuko dute parte Amets Arzallus, Jone Uria, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Xabi Igoa bertsolariek, eta Iker Iriartek eta Maite Berriozabalek gidatuko dituzte saioak.

Saio bakoitzeko informazioa eta sarreren gainekoa www.mintzola.eus atarian eta tokian tokiko antolatzaileen guneetan dago eskuragarri.

Iruñeko Udalarekin batera, egitasmoa antolatzen lagundu dute parte hartu dute egitasmoan Erandioko, Hernaniko eta Gasteizko udalek, Euskal Kultur Erakundeak, Haizebegi Festibalak, Donostia Festak etaDonostia Kultura Erakundeak. Era berean, Donostia 2016k proiektua babestu du, Kultur Hiriburutzaren urtean gauzatutako nazioarteko topaketaren antzerakoei jarraipena emateko.