Indiana Jonesek 40 urte bete ditu: arkeologoaren jatorria ezagutu nahi?
1981eko ekainaren 12an estreinatu zen 'En busca del arca perdida', Harrison Ford protagonista duen sagako lehen filma
NAHIKARI CAYADO
Ostirala, 18 ekaina 2021, 01:25
Gezurra dirudien arren, Indiana Jonesek 40 urte bete ditu dagoeneko. Bai, lau hamarkada pasa dira zinemaren historiako arkeologo ospetsuenaren 'En busca del arca perdida' filma estreinatu zenetik. Urteurrenak sagako bosgarren pelikulako filmaketarekin bat egin du, eta hori dena ospatzeko, hona hemen arkeologo ospetsuaren jatorria hobeto ezagutzeko hainbat bitxikeria.
Ba al dakizu nola jaio zen pertsonaia? Bere haurtzaroa markatu zuten akziozko filmetan inspiratuta, George Lucas 70eko hamarkadaren hasieran hasi zen pentsatzen 'Indiana Smithen abenturak' izeneko istorio bat sortzean. Baina, aldi berean, 'Star Wars' saga prestatzen ari omen zen, Estatu Batuetako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiako Liburutegiak gordetzen dituen produkzio oharren arabera.
Lucasek arkeologoaren istorioaren garapenean lan egin zuen Philip Kaufmanekin. Azken hori izan zen hain zuzen Jesusen aginduen taulak zituen 'galdutako kutxaren' (arca perdida) ideia hori gidoian sartu zuena. Baina zinemagileak proiektu hori alde batera utzi zuen 'Star Wars'en kontzentratzeko.
'Star Wars '(1977) filmaren estreinaldia porrota izan zitekeelakoan, Lucasek Hawaiira bidaiatzea erabaki zuen lagun batzuekin batera, tartean Steven Spielberg zegoela, garai hartan James Bonden film bat zuzendu nahi zuena. «Hori baino zerbait hobea daukat. 'En busca del arca perdida' du izena. Istorioa kontatu zidan eta egiteko konpromisoa hartu nuen hondartzan», esan du behin baino gehiagotan Spielbergek hedabide ezberdinetan.
Jatorrizko ideia, B serieko film bat egitea zen, abenturak, faxismoa eta mistizismoa nahasten zituena, baina, ekoizpen prozesua aurrera zioan heinean, garrantzi handiagoko zerbaitetan bihurtu zen.
Horregatik, eta aurreikusten zuten arrakasta zela eta, bi zinemagileak Paramountekin akordio batera iritsi ziren: merchandising eskubideak lortu zituzten, baita bideoen alokairuagatiko irabazien zati handi bat eta, gainera, guztira bost film egiteko akordioa sinatu zuten ere.
Arrakasta mundu mailan
Protagonistari dagokionez, eta Tom Selleck izateko hainbat saiakera egin ondoren, -'Magnum' telesailarekin konprometituta egoteagatik egin ezin izan zuenak-, Harrison Ford aukeratu zuten, 'Han Solo'ren papera egin zuelako George Lucasen 'Star Wars'en lehen bi filmetan.
Berarekin batera, eta Debra Winger, Amy Irving edo sean Young bezalako izenen ondoren, Karen Allen aukeratu zuten. Ez zen oso ezaguna, baina Spielbergek Marion Ravenwooden papera egiteko bilatzen zuen heroina klasikoaren profila ematen zuen aktoreak.
Filmaketa 1980ko ekainaren 23an hasi zen La Rochellen (Frantzia) eta Tunisia, Ingalaterra eta Kaliforniako (AEB) hainbat herritatik igaro ondoren, urte bereko urrian bukatu zen, 22 milioi dolarreko (18 milioi euro inguru) aurrekontuarekin.
Estreinaldia 1981eko ekainaren 12an iritsi zen eta Paramounteko historian ordura arte estreinatutako filmik arrakastatsuena izan zen. 212 milioira iritsi zen mundu mailan, eta horrek urteko arrakastarik handienean bihurtu zuen ere, Box Office Mojo webgune espezializatuaren datuen arabera. Bederatzi Oscar sarietarako izendatua izan zen, horietatik lau atal teknikoetan.
Eta bere arrakastak beste hiru film ekarri zituen: 'Indiana Jones y el templo maldito' (1984), 'Indiana Jones y la última Cruzada' (1989) eta 'Indiana Jones y el reino de la calavera de cristal' (2008), urte haietako arrakastatsuenen artean egon zirenak.
Sagako lehen atalaren arrakastak Harrison Forden ibilbidea sendotu zuen, horrela, zinemaren historiara pasa diren bi pertsonaia lortu zituelarik. Orain, 78 urterekin bosgarren filma grabatzen ari da, baina Spielbergek EFEri orain dela urte batzuk egindako elkarrizketa batean esan zuenez, 90 urte betetzen dituenera arte antzez dezake Fordek Indiana Jonsen papera.