Indiako baso santutegi bat zaintzen duten emakumeak
50 urte igaro dira landareak eta animaliak klima-aldaketatik eta giza jardueretatik babesteko Gurukula santutegia sortu zenetik
Klima aldaketa Ghats mendebaldea astintzen ari da, UNESCOren munduko ondarea den Indiako mendikatea, alegia. Hala ere, emakume talde bat borrokan ari da inguruko biodibertsitatearen azken guneetako bat babesteko. Eskualdean, gutxienez, 325 espezie daude mehatxupean: landareak, hegaztiak, anfibioak, narrastiak eta arrainak. Eta Gurukula Santutegi Botanikoan 27 emakumek jarduten dute landare eta animalien zaindari gisa.
«Ahal duguna erreskatatzen saiatzen gara, errefuxiatu-eremu bat bezalakoa da», esan zuen Suprabah Seshan erreserbako zaindarietako batek. Inguruan zeuden landareen %90 gutxi gora behera desagertu egin dira, eta taldeak «holokausto» ekologikotzat jo du egoera hori. Gurukula duela 50 urte sortu zen beroketa globalaren eta gizakiaren inbasioaren aurrean bizirauteko borrokatzen duen bertako floraren babesleku gisa, ingurua bertako landarez birpopulatzeko itxaropenarekin.
«Baso euritsuaren zaindari» diren Keralako estatu epel eta hezean bizi diren hiru belaunaldik lan egin dute botanistekin santutegia sortzeko. Emakumeek flora birlandatzen dute, konposta eta haziak prestatzen dituzte eta eta pestizida natural bat sortzen dute behi-gernuarekin. «Mendebaldeko Ghatsen %30 eta %40 artean babespean ditugu», gaineratu du Seshanek.
Haien lana gero eta erabakigarriagoa da. Izan ere, Unescok 2012an munduko ondare aitortu zuen eskualdea aniztasun biologikoagatik, baina txosten batean ohartarazi zuen giza jardura bertan gero eta mehatxu handiagoa zela bertan dauden espezieentzat. Seshanek, 30 urtez santutegian lan egin duenak, hondatzea gertutik ikusi du. «Hona iritsi nintzenean plastikoa ez zen gure kulturaren parte. Gogoan dut lehen plastiko poltsa ibaian aurkitu genuenean. 'Zibilizazioa iritsi da', pentsatu genuen», deitoratu du.