https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ilargia putzuan ageri

Irudian, Pink Floyd musika taldearen 'The Dark Side of the Moon' diskoaren azala./
Irudian, Pink Floyd musika taldearen 'The Dark Side of the Moon' diskoaren azala.

Ilargiak itsasgora eta itsasbeheretan eraginik badu, logikoa da pentsatzea funtsean ur garen gizakiongan ere baietz

Harkaitz Cano
HARKAITZ CANO

Lekuko iraunkor, erakutsi-ezkutatuen metafora, abentura eta lekualdatze fisiko zein bidaia lisergikoen adierazle, eklipseekin ixten den betazal, kontzertuetan eszenatokiko solista iluminatzen duen foku bakartiaren gomuta edo Meliesen filmetako aurpegi pinportatu iradokigarri… Ametsaren aukerak eta nostalgia gehiegiaren arriskua, ipuinak eta kondairak, zientziarentzako erronkak eta kopla hunkigarri zein fazatiak, denak doaz eskutik ilargia aipatzen dugunean.

Askok eta askoz lehenago pentsatuagatik, antizipazio grafikoaren adibide deigarria da Hergerena: bi album oso eskaini zizkion Tintin ilargira eraman zuen bidaiari. Gizakia ailegatu baino ia hogei urte lehenago hasi zen atalka lehenengoa argitaratzen (1950ean) eta asko arduratu zen xehetasun teknikoez eta egiantzekotasunaz komikigile belgikarra. Tintinek ilargiratzean esaten duen lehen esaldia bera, Neil Armstrongek esango duenaren oso antzekoa da, bestalde. Bereziki gogoangarria, grabitate ezagatik Haddock kapitainaren whiskya esferizatzen denekoa (sukaldaritza berria, 'avant la lettre?').

Amerikarrek oina pausatu baino hamar urte lehenago, Basarrik bertso sorta eskaini zion gaiari, «Errusiarrak egatutako trepeta bat illargiaren salletan sartua da» gai hartuta («esaten dute biaje ori/ laster egin ditekela,/ gaur Oriotik Donostiraño/ joango bagiña bezela»). Ilargia bakean utzi eta munduaz arduratzea gomendatzen du berak, ordea: «Zer irabazten dugu gizonok/ ango berriak jakinda,/ gerraren kezkaz bizi bagera/ emen konpondu ezinda?». Poesia politikoa eta salaketa egin duenik ez da falta: «Zergatik ez dago ilargirako bidaia gehiago?», galdetzen zuen mesfidati Mario Benedettik. Haren ustez, Armstrongek zerbait lazgarria ikusi zuen han goian, sekula aitortu nahi izan ez ziguna.

Beldurrezko filmetan ilargia zerbait izugarriaren aurreikusle izan ohi dela ikasi dugu txikitatik

Pink Floydek 'Dark Side of the Moon' argitara eman zuen 1973an, eta 1979an, gizakia Ilargira heldu eta handik hamar urtera plazaratu zuen The Police taldeak 'Walking on the Moon' arrakastatsua. Itxuraz, Munichen bururatu zitzaion Sting kantari eta baxu-jotzaileari, parrandatik lebitazio puntu batekin hotelera loratu samar heldu zen gau batez. Kantuaren hitzak oso naifak diren arren, are naifagoak omen jatorrian, 'Walking on the room' izan baitzen bururatu zitzaion lehen leloa. «Ergelkeria bat iruditu zitzaidanez, are ergelkeria handiagoa jartzea erabaki nuen, eta gela, ilargi bihurtu». Stingek bere memorietan azaltzen duenez, gaztetxotako maitasun baten -nola ez!- akordua izan zuen pizgarri.

Ilargia hatzaz seinalatzen duzunean hatz puntari so geratzen ei dira inozoak. Baina bada hirugarren aukera bat ere: putzura begiratzea. Artelan oro kopia ahalegin, bikoizte edo desdoblamendu den aldetik, aspertzeraino erreproduzitua izan da ur bareetan ispilatutako ilargia -dela anime japoniar edo dela garai bateko ilargi-odolustu postal hortera-. Txinako tradizioan aditua den Rafa Egigurenek izenburu horixe jarri zion bere liburuetako bati ('Ilargia putzuan ageri') eta Jon Mirandek modu jostarian geureganatutako estanpa ezin finago abestu zigun Oskorrik: «Aintziko urerat/ ilargi laurden bat erori zan./ Zuri, jori/ gauko zitu zori:/ igelek jan dute, igeltto igeldariek./ Orain, berriz,/ intzirika dagoz igel igelttoak,/ igel igeltto xoroak…/ Gau minean/ aintziko igelek dute, ai ei!/ ilargi-min». Bidaia oro dastaketa ere badelako. Ez alferrik du 'Nola dastatu ilargia?' izenburu Michael Grejniecen album ilustratu ederrak… Zelan ahaztu Lorca eta Lauaxetaren omenezko Zura taldearen 'Ilargi handi, zauri zarae' (2005) diskoa, eta, nola ez, euskal poparen historiako abesti ezagunenetako bi: maitasun adierazpide hiperboliko bezain eraginkorra da Ken Zazpirena, kleptomano seleniarrak ilargia lapurtuko luke zuretzat, gauero; 'Lau teilatu', ostera, zigarro baten keak lagundutako koadro idiliko bat osatzera dator, oso ongi ulertzen ez dugun aita (edipiko?) baten kameo eta guzti.

Ilargiak itsasgora eta itsasbeheretan eraginik badu, logikoa da pentsatzea funtsean ur garen gizakiongan ere baietz. Jakoba Errekondoren irrati-tartean larunbatero entzun daitekeenez, oso ezberdina baita landareak ilgoran ala ilbeheran landatu eta kimatzea. Berdin gertatuko litzateke, honenbestez, ilea moztearekin, ala? Agian horregatik zor diogu giza otsoaren mitoa ilargi beteari. La Unión talde espainiarrak 'Lobo hombre en París' argitara eman zuelarik 80etan, Boris Vianen ipuin bat hartu zuen oinarri. Giza otsoa otso-gizaki bilakatu eta Kafkaren 'Metamorfosia'ren ifrentzua erakusten digu narrazio inkietagarri horrek. Beldurrezko filmetan ilargia zerbait izugarriaren aurreikusle izan ohi dela ikasi baitugu txikitatik ezinbestean. Luis Buñuelek, kasu, 'Un Chien andalou' maisulaneko bizar-xaflaren eszena ospetsuaren muntaian, ilargia erditik zeharkatzen duen laino baten planoa erabili zuen emakumearen begia ebakitzera doan labana irudikatzeko.

Izan ere, bada ilargia haragi bizitan daramanik. Galde, bestela, izen hori dutenei. Eta zenbat herritan, 'Ilargi' izeneko tabernak? Haietako batean igaro genituen gure gaztaroko ordurik onenak, Donostiako Juan de Bilbao kalean.

Temas

Euskera