Borrar
Hurrengo urteetako kartelak: 1965, 2009, 2012, 2013, 2018, 2020, 2021, 2025.

Ibilbide grafikoa karteletan zehar

Irudiak. Azokaren 60. urteurrenean edizio ezberdinetako kartelen diseinuak ditugu aztergai

Josean Morlesín Mellado

Astelehena, 8 abendua 2025, 03:03

Comenta

1965eko urriaren amaiera aldera Durangoko Azokak bere ateak lehen aldiz zabaldu zituen Gerediaga Elkartearen eskutik. Ekitaldiaren kartel iragarlea Andreu Uriarte artista durangarrak diseinatu zuen. Begiratu azkarrak zuhaitz bat erakusten digu, formatuaren erdi-erdian, euskal nortasunean hain garrantzitsua den Gernikako arbola iradokitzen duena. Hala ere, azokaren izaerari erreparatuz eta, testuinguru horretan bertan, ia zentrokideak diren pintzelkada beltzek osatzen duten adaburuari disko baten antza ikus diezaiokegu, binilo beltzarena alegia. Ez hori bakarrik, hondo zuriarekin bat egiten duen enborrak zabalik dagoen liburu baten ardatza edo bizkarra dirudi, albo banatan zabaltzen diren formek adierazten diguten bezala.

Oinarri grafiko hau 1971. urteko azokara arte erabili zen. Geroztik, kartelaren diseinua urtero aldatu da, parte hartu duten sortzaileen sormen-baliabide eta inspirazioaren arabera. Puntu honetan Durangoko Azoka 1965-2015 liburua aipatu beharra dago, kapitulu batean azokaren mende erdiko ibilaldian argitaratutako kartelak biltzen ditu eta. Atal hori, argitalpena osatzen duten besteekin batera, doan dago eskuragarri Gerediaga Elkartearen webgunean.

Esan bezala, urtez urte planteamendu grafikoak aldatuz joan dira. Ez da zaila garai bakoitzaren joera estetikoen isla zenbait lanetan topatzea. Liburu eta diskoen irudiak, jakina, maiz erabili izan dira, horiek direlako tradizioz azokan komertzializatutako euskarriak. Irudiez gain, tipografiaren arloan ere denetarik aurki dezakegu.

2007tik 2011ra arteko edizioetan bitxia da kartelek erakusten diguten garbitasuna. Guztiz zuriak diren hondoen gainean kromatismo urriko osagarri grafikoak ditugu. 2009an Lur Merinok egindako diseinuan hitzen oinarri-lerroek azpimarratzen duten konposizio tipografiko soila nabarmentzen da, trinkoa, hutsune orbangabean zabaltzen den tinta-sare edo hesi beltza. Egilearen hitzetan, urritasun grafikoak garaiko krisialdi ekonomikoari egiten zion erreferentzia. Horrez gain, tinta bakarra erabiltzeak inprimaketa-kosteak merkatzea zekarren.

Krisiaren itzalak zirauela, Nestor Basterretxea artista nabarmenak hondo beltzera jo zuen 2012an diseinatu zuen kartelean eta, gainean, beirate moduko bat osatuz, forma geometriko ezberdinak multzokatu zituen. Bertan dagoen kolore-aberastasunak, matxuratutako telebista-pantaila batetik hartua, euskal kulturaren aniztasunaren oihartzunak dakarzkigula pentsa genezake.

Urte bat geroago, ehundura tipografiko beltza hondo zurira itzuli zen Itziar Okariz artistak sortutako lanean. Virginia Woolf idazlearen esaldi baten zatikatze, errepikapen eta gurutzaketan oinarritzen den proposamen horren ikusmira literatura eta emakumeengana zabaltzen zen. Hurrengo bi urteetan, hurrenez hurren, Marta Cárdenas eta Jose Luis Zumeta artisten ekarpen plastikoak azokaren horma-irudietara hedatu ziren.

Azken hamarkadako kartelek euskal kulturgintzari lotutako esparru eta interpretazio interesgarriak jorratzen jarraitu dute. 2018an, adibidez, Txakur Gorria sormen kolektiboak azokaren kokalekua den Landako gunearen plano moduko bat osatu zuen, kolore eta forma ezberdinek azokaren jende-mugimendu eta aniztasuna iradokitzen zuten bitartean.

2020ko kartela Ane Pikaza sortzaileak egindakoa da. Ingurune ilun batean kolore biziek pizten dute loratzen ari den bihotz erraldoi bat. Anek erreferentzia egiten zion urte horretan mundu osoan Covid-19ak eragindako pandemiari. Esan beharra dago irudikatutako paisaia goibelak ez duela bertan agertzen diren gizabanakoen adorea kutsatzen. Kulturak, bizitzak bezala, une latzei aurre egiteko ahalmen handia du eta gaitasun horren aldarrikapen poetiko bikaina da Pikazaren ilustrazioa.

Hurrengo urtean kolore biziak ere presente egon ziren, Leire Urbeltz ilustratzailearen horma-irudian. Kasu horretan nabarmenki aseak ziren, planoak. Geometrizazio eta forma estilizatuekin batera, bi pertsonaiek hartzen zuten, Anboto mendiaren aurrean, eszenaren protagonismoa. 2023an Ximon Agirre artistak errealitate birtualaren bidez 3Dn modelatutako objektu eta pertsonaiez osatutako mundu fantastiko bat aurkeztu zigun, azokaren jai giroan murgiltzen gintuena.

Bukatzeko, aurtengo kartela Iratxe Reparaz zuzendari artistikoaren lana dugu. Egileak dioen bezala, kartela ez da diseinu bakar bat. Izan ere, kontaezinak diren aldaerak eskaintzen ditu berak artikulatutako sistema grafikoak. Alderdi tipografikoari dagokion konposizioa konstantea bada ere, bihurgunez zehaztutako bideek betetzen dute formatua. Kartelez kartel, bideen bihurgune eta koloreak aldatuz doaz. Aniztasun horrek argi uzten digu bere ibilbidea hasi zuenetik, kultur eragileek jorratutako alor anitzetan aurrera egin duela Durangoko Azokak. Hurrengo egunetan ekimen honek pausu berriak emango ditu eta Reparazek diseinatutako trazuek bide aproposa erakusten digute egungo eta etorkizuneko euskal kulturaren bidelagun izaten jarraitzeko.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Ibilbide grafikoa karteletan zehar

Ibilbide grafikoa karteletan zehar