Ver fotos

Gazteak izan ziren egun garrantzitsu honetako protagonista nagusiak. Jordi Alemany

Ibilaldiak 'Kalakalata' jarri zuen Sopela

3.000 lagun inguru bildu ziren Ander Deuna eta Leioako Betiko ikastolek antolatutako jaialdian. Lau gunetan banatu ziren hurbildutakoak, bi txandatan. Ez zegoen ibilbiderik egiteko aukerarik, eta segurtasun neurriak bermatu ziren uneoro

Lunes, 31 de mayo 2021, 13:56

Kalakalata bukatu zuten denek, zeharo bustita. Ibilaldiak pandemiaren azterketa gainditu zuen igande honetan Sopelan ospatu den edizioan, bertako Ander Deuna eta Leioako Betiko ikastolek antolatuta. 43. edizio hau ezberdina izango zela iragarri zuten antolatzaileek, egungo egoerara moldatuta. Baina, aldaketez aparte -adibidez, ez zen kontzerturik izan eta programa familiei zuzenduta zegoen- , jaialdiak betiko nortasuna mantendu zuen. Egia da irudia asko aldatu zela, 3.000 lagun inguru bildu baitziren -2005ean, bi ikastolek batera egin zuten aurreko edizioan, 100.000 inguru izan ziren-, baina ilusioak gainezka egin zuen kostaldean.

Publicidad

Gazteak izan ziren eguneko protagonista nagusiak. Taloa egiten, tai-txian, Saharako kulturan murgiltzen… Primeran pasatzeko osagarri anitzak izan zituzten mahai gainean, eta dudarik ez dago horrela izan zela. Beraien aurpegiei baino ez zitzaien erreparatu behar, non maskaren gainetik irribarreak antzeman zitezkeen. Arrakasta izan zuten, ez bakarrik sarrerak agortu zirelako, baizik eta emaitzagatik, izan ere, Sua, Lurra, Ura eta Haizea guneetan prestatutako ekintzek (jolasak, tailerrak, ikuskizunak, mintzaldiak…) denok gozatzeko balio izan zuten. Egitasmoa lau gunetan banatzeaz gain, txoko bakoitza bi txandatan zatitu zen segurtasun neurriak bermatzeko.

Irrintzi batekin eman zitzaion hasiera jardunaldiari. Eztarriek ozen egin zuten oihu, Sopelako gune guztietan jakin zezaten, oraingoan bai, Ibilaldia hastear zegoela. 9.15ak ziren, eta atzera-kontaketa amaitzear zegoen.

Ander Deuna ikastolan izan zen hori, eta gogor azpimarratu nahi izan zuten honako eguna posible ospatu ahal izateko egindako «lan handia». «Azkenean iritsi da eguna, nahiz eta egoerak, aurreko urteekin alderatuta, beste modu batean ospatzera behartu», esan zuen Josune Bañalesek, Ibilaldiaren Elkarteko presidenteak, «euskaraz bizitzeko konpromisoa» eskatu zuena «gaur eta urteko 365 egunetan». Halaber Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak nabarmendu zuen «helburu horretarantz doazela ikastolak, Ibilaldia honi forma emateko egin bezala, urte hauetan aurrera egiteko eta aurrera jarraitzeko egokitu direnak. Beti elkarlanean».

Txalo zaparrada artean amaitu zen aurkezpena, eta lau guneei harrera egin zitzaien. Horietako bat, Sua, Ander Deuna ikastolan bertan zegoen kokatuta. «Ezin izan da nahi bezala ospatu, baina sormenaren bidez garaira egokitu dugu», aipatu zuten Edoia Ugaldeek, Ander Deunako eskola kontseiluko zuzendariak, eta Koldo Tellituk, Betikoko presidenteak. Dangiliske dantza taldeak, gainera, ikastolako patioan ehun lagun dantzan jarri zituen. Eskutik helduta dantzatu beharrean, orain hanka bat, bestearen kontra jarriz egiten da. Badakizue, pandemiara egokitu behar…

Publicidad

Energiak berriro kargatzeko ekimena

Sua mugimendu handiko gunea izan zen, 'Lurra' gunean tai-txi klaseekin astiroago mugitzearen aldekoak ziren bitartean. «Jarri eskuak horizontalean», agindu zuen monitoreak. Zalantzarik gabe, energiak kargatu zituzten, eta helburu horrekin hurbildu ziren batzuk. «Apropos hautatzen dugu, energiarekin zerikusia duelako, une honetan behar duguna, hain zuzen ere», azaldu zuen Astri Expositok, Unax sei urteko semearekin tai-txi egin ostean.

Eta gozea asetzeko, Larrabasterrako Urgitxieta plazan taloak egin zituzten, sukaldari profesionalak balira bezala, eskuak irinaz beteta. «Errepikatzea gustatuko litzaiguke», aitortu zuten Kaik, Inharrek eta Telmok, bost urteko 'Masterchef'-eko izar hauek. Behin forma borobil-borobila eman eta gero, txorizoa jarri eta haginkada bat emateko gogoekin zeuden.

Publicidad

Barinatxe hondartzaren goiko aparkalekuan gainontzeko bi guneak zeuden, biak Saharako kulturarekin lotutakoak. Hango ohiko jokoetan aritu ziren, baita bertako tradizioak ezagutzen, adibidez tearena, mimo handiz prestatzen dutena. «Tea prestatzen ikasi nahi? Aurrenekoa mikatza da, bizitza bezala; baina bigarrena gozoa, maitasuna bezala», azaltzen zien Aichetuk, kikara bat hartzen zuen bitartean. Penaz esan zioten ere agur 14.30ean aurtengo Ibilaldiari, dagoeneko hurrengo urtean testigua hartuko duen Bilboko Abusu ikastolako bidea hartu duena.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad