Ibilaldiak Bilboko Abusu Ikastolarako bidea hartu du, 'Erro, harri, har' lelopean
Aurtengoa 40. edizioa izango da eta jaialdia pandemiaren aurreko egoeretara hurbiltzeko helburua dute Abusu ikastolatik
Ander Retolaza
Jueves, 1 de julio 2021, 19:04
Heldu eta gutxira nabari da euskal jaigiroa. Dantza ikastaroak, kultur tailerrak, kontzertuak… guztia euskaraz. Ez da harritzekoa urtero jende mordoa gerturatzea Ibilaldiara, Bizkaiko Ikastolen jaialdira. Txosna zein topagune ezberdinetatik bueltaka galtzen dira maiz bertaratutakoak, hizkuntza bera partekatuta erdibidean. Pandemiari behingoz aurrea hartzeko gogo biziz, Bilboko Abusu Ikastolak hartu du lekukoa aurtengo edizioan.
Publicidad
Ibilaldiko arduradunek aurkezpena egin zuten ostegun honetan Bilboko Plaza Barrian aurtengo edizioaren nondik norakoak azaltzeko, eta jada martxan den egitasmoa sendotzeko aurrera eramango duten helburuak plazaratu zituzten. Helburu horiek, euskara sustatzea, ikastolen elkarlana mantentzea eta hezkuntza-sistema indartzea dira, besteak beste.
'Erro, harri, har' lelopean, beraz, Abusu Ikastolak 2022ko maiatzaren 29an ospatuko du Ibilaldiaren edizio berria, 40. edizioa hain zuzen. Data horretan Abusun hirugarren aldiz ospatuko da Bizkaiko Ikastolen jaialdia, aurretik 1994.urtean zein 2001.urtean ere ospatu izan delako.
Bilboko Ikastola 1977.urtean sortu zen, guraso talde txiki baten eskutik. Egun, aldiz, 700 ikasletik gorako ikastola kooperatiba elkartea da Abusu, 500 familia eta 60 bat langile inguruk osatzen dutena. Esan bezala, euskara eta ikastolak sustatzea ardatz, jaialdi indartsua gauzatu nahi dute, hezkuntza-sisteman berrikuntzak ekarri nahi dituena, bai eta gaztetasuna sustatu ere. Ikastolen arteko elkarlana sendotzea dute xede hitz batean, finantzazio indibidual eta kolektiboa diru-baliabidez hornitzen duen jaia osatuz horrela.
Era berean, jaialdia euskararen sustapena du helburu nagusi, bai eta garraio publikoaren nagusitasuna bermatzea eta naturarekiko errespetua orokortzea. Gainera, Ibilaldia ikastolako eta auzoetako eragile guztien arteko prozesu parte hartzailea izatea bilatzen dute. Inklusioa jomugan, behar ezberdinetako pertsonentzako jaialdia diseinatuko dute.
Publicidad
Ibilaldia, 40 urte
Ibilaldia 1978.urtean antolatu zen lehenengoz Uribe Kostan eta 1980. urteaz geroztik urtero egin izan da. 40. edizioan jada, oinarri batzuen menpe jorratu izan du beti: Bizkaiko ikastolen jaialdia izatea, ikastolen hezkuntza-proiektua ezagutzera ematea eta erronka berriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea. Hori bai, Ibilaldia ez da egun bakarreko jaialdi soil bat, baizik eta urte osoan garatuz doan proiektua. Horrela, ikasturte osoan lanean ariko dira Abusun, jarritako helburuak betetzeko eta pandemia osteko lehen Ibilaldi handi eta normalizatua gauzatzeko.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión