Henrike Knörren 67 idazlan bildu ditu Euskaltzaindiak liburu batean, bere jaiotzaren 75. urteurrenean
Obra honetan hizkuntzalari eta euskaltzain arabarraren idazlan ez hain ezagunak jaso dira
UNAI SARRIUGARTE
Asteazkena, 9 azaroa 2022, 13:26
Henrike Knörr filologoaren 67 idazlan bildu ditu Euskaltzaindiak liburu batean, arabarraren jaiotzaren 75. urteurrenaren baitan. Astelehen honetan, azaroaren 7an, Gasteizen egin zitzaion omenaldiaren barnean aurkeztu zuten argitalpena. Onomastika jardunaldi bat ere antolatu zuen Akademiak, Arabako Foru Aldundiaren babesarekin, eta ekitaldi berean EHUko Henrike Knörr bekak aurkeztu ziren, 2022ko deiadia, tarteko.
Liburu honetan Knörr filologo eta euskaltzain arabarraren idazlan ez hain ezagunak jaso dira. 'Henrike Knörr (1948-2008) Idazlan hautatuak' izenekoak orrialde gutxiko artikuluak uztartzen ditu, baina erabat mamitsuak eta interesgarriak direnak, egungo irakurleentzat errazagoa izango delarik bere obran barneratzea. Hainbat gai lantzen da idazlan horietan: onomastika kontuak, euskararen historia eta euskarazko testu zaharren azalpenak, esaterako. Bertan urteen buruan aldizkari eta egunkari askotan, oro har, zabalkunde laburreko argitalpenetan, Henrike Knörrek idatzitako artikuluak biltzen dira. Roberto González de Viñasprek landu du liburu hauxe, Garikoitz Knörreren laguntzarekin.
Hala, esan bezala, Euskararen Akademiak eta Arabako Foru Aldundiak Henrike Knörr euskaltzain osoari gorazarre egin nahi izan zioten astelehenean Euskaltzaindiak Gasteizko Etxezarra eraikinean duen egoitzan. Omenaldi honetan hainbat pertsonai publikok parte-hartu zuten, hala nola, Henrike Knörren familiak, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, Ramiro González Arabako diputatu nagusiak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Era berean, Onomastika gaiak aintzat hartuz, mintegi labur eta trinkoa antolatu zuen Akademiak. Knörrek erabat gogoko izan zuen onomastika eremua bere jarduera akademikoan. Azken honetan honakoek esku hartu zuten: Ana Boullón Toponomasticon Hispaniae proiektuko koordinatzaileak, Patxi Salaberri euskaltzain oso eta ToponHisp proiektuko Euskal Herriko lantaldearen ikertzaileak, eta Roberto González de Viñaspre Euskaltzaindiaren Arabako ordezkariak.
Henrike Knörr hizkuntzalari eta idazle nafarra izan zen. Gasteizko Ramiro de Maeztu institutuan frantses irakasle izan zen, baita Euskal Herriko Unibertsitateko katedraduna eta euskaltzain oso izan ere. Euskaltzaindiako Iker saileko buru izan zen ere. Knörr onomastikan eta toponimian zen bereziki aditua. 'Onomasticon Vasconiae' izeneko bilduman hainbat argitalpen bildu zituen. Euskaltzaindian idazkari eta buruorde bezala ere aritu zen.