Hemen da 'Barraka', familientzako abenturazko bideojoko umoretsua
Ibai Aizpurua, 'Barraka' bideojokoaren egilea ·
Ibai Aizpurua irundarrak ostiral honetan aurkeztuko du iaz irabazitako Sormen Bekari esker garatu duen proiektuaNAHIKARI CAYADO
Viernes, 9 de diciembre 2022, 09:22
Ainhoak udaro laguntzen dio amari herri ezberdinetako jaietan txurroak saltzen. Egun batean, neskatoa sorginduta dagoen barraka batean sartuko da, eta irteten denean, mundua erabat aldatuta dagoela ikusiko du. Ohartu gabe, fantasiazko mundu bitxi batean murgilduko da. Ez, ez gara film baten inguruan ari, eta ezta zientzi-fikziozko liburu baten argumentua kontatzen ari ere. Istorio hori, hain zuzen, Ibai Aizpuruak sortu duen 'Barraka' bideojoaren abiapuntua da, pasa den urtean Durangoko Azokan lortu zuen Sormen Bekari esker garatu izan duena eta ostiral honetan -Kabi@ gunean, 10.30etatik aurrera- aurkeztuko duena. «Barraka jokalari batentzako esplorazio eta abenturako bideojoko umoretsua da, puzle estilokoa», adierazi du sortzaileak.
Publicidad
Aizpurua izan zen, hain zuzen, Durangoko Azokako laugarren Sormen Bekako irabazlea. Sorkuntza digitala izan zen bekaren iazko gaia, eta 'Barraka' euskarazko bideojokoak oso lotura estua zeukan horrekin, irudi errealak, stop-motiona eta animazio tradizionala nahasten dituelako. «Erronka oso handia izan da urte batean bideojoko bat bakarrik egitea. Begira, normalean, jende gehienak jolasten dituen bideojokoak taldeek sortuak izaten dira, kasu askotan ehunka pertsonekin. Baina eginda dago jada. Une honetan daukadan erronkarik handiena, ordenagailuaz gain, mugikorretan jolastu ahal izatea da, eta horretan nabil», adierazi du.
Aizpurua irundarra, diseinatzailea eta programatzailea da. Sormen Bekako deialdia ikusi zuenean, bitan pentsatu gabe aurkeztu zuen bere burua «esperantza handirik gabe». Orain, urte bete geroago, dena prest dauka herritarren aurrean bere proiektua aurkezteko, eta baita merkatura salto egiteko ere. Emozioz beteta dago egilea: «Oso pozik nago jendearen erreakzioa ikusteko, baina ez da erraza izan, gora-behera asko izan ditut. Nire lagunak izan ditut jokoa probatzen, haiek izan dira nire epaileak, ondo dagoen edota erraza edo zaila den esan didatenak», haitortu du egileak.
Plastilinazko irudiak
Esan bezala beraz, bera izan da diseinua, irudiak, animazioak, soinuak eta programazioak sortzearen arduraduna. Musikarako, bestalde, bere kidea den Gonzalo Sardónen laguntza izan du. «Nahiz eta azken urteetan bideojoko proiektu txiki ugari sortu izan ditudan, hau ezberdina dela esan daiteke. Momentura arte egin dudan proiekturik handiena eta borobilena da», arrazoitu du. «Izan ere», jarraitu du, «bideojoko gehienak 3Dn izaten dira, eta nik 2D dimentsioko pertsonaiak sortu ditut. Irudi guztiak plastilinaz egin ditut, gero argazkiak atera eta aurpegiak photoshop-en bidez jarri dizkiet, hori baita Stop Motion-a», azaldu du Aizpuruak.
Dioenez, ez dira asko gaur egunean 2D formatu horretan sortzen diren bideojoak. Eta hare gutxiago dira euskaraz egiten denak. Aurreratu duenez bestalde, galizieraz, katalanez zein gazteleraz atera nahi du bere bideojokoa, geroz eta jende gehiagok disfruta dezan. «Familia osoak 'Barraka'z gozatzea nahi dut. Edonor erraz murgildu daitekeen abentura-bideojoko umoretsu bat da sortu dudana», dio.
Publicidad
Laster izango da posible hori. Bideojoken maitaleek ostiral honetatik aurrera izango dute 'Barraka' jokoaz disfrutatzeko aukera. Eta zu, abentura honetan Ainhoari laguntzen ausartuko zara?
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión