Hamlet
Mamuak gorputzaz haratago luzatzen du bere boterea, kontzientziaren aldera
Shakespeareren 'Hamlet' izango da, seguru asko, gure munduan gehien irakurri, entzun edo antzeztu den obretako bat. Zalantza dut ez ote den Homeroren Odisea baino ezagunagoa, baina, dena dela, hortxe-hortxe ibiliko dira biak ala biak. Ezberdintasun nabaria, bien artean, ordea, Hamleten zentzu morala da, Ulises/Odiseoren balio sinbolikoaren aldean. Ulises Itakara abiatzen da, baina badakienez han zer duen aurkituko, bidaia luzarazten du, patuaren laguntzarekin. Uhartez uharte ibiliko da, maitale baten eskutik beste maitale baten eskuetara pasatuz, arrisku izugarriei aurre eginez. Iritsiko da, bizirik, eta bestelakoturik. Ulises zuhurtziaren eredu da, eta gizon zuhurrak jakin-mina mendean hartzen du edo bere interesen gurdian eramaten, konpainia on eta noblearen gisa. 'Hamlet' ulertzea konplikatuagoa da, oinazearen boladak ulertzea bezain korapilatsua, esango nuke.
Gogoan dut Lubitschen pelikula bat, 'To be or not to be'. Alemaniarrek okupatutako lurralde bat, antzerki talde bat, Shakespeare, Hamlet. Ismail Kadarék 'Hamlet'i buruzko saiakera-lan batean adierazten du komunisten diktaduraren mende izan diren lurralde europarretan, Poloniatik hasi eta Errusiaraino, 'Hamlet'en antzezpenak zentzu askatzailea izan duela, totalitarismoaren aurkakoa. Kadarék Balkanetako herriak aipatzen ditu, Albania batez ere, ongien ezagutzen duen lurraldea. Kadarék ihes egin zuen Albaniatik, bere askatasuna arriskuan ikusi zuelako, edo bere bizitza galtzeko zorian. Baina ordura arte itzala izan zuen, eta oraindik ere itzala du. Kadaréren Albania eternoa da, Erdi Arotik modernitatera igarotzen da, eta hortik berriro antzinaldira, etenik gabe. Ez dago denbora zehatzik, dena denbora baita, denbora bakarra. Kadaréren liburuak irakurtzen baditugu, bidaia bat irudikatzen dugu, Ulises Itakara joan nahian. Baina Hamlet?
Hamnet, William Shakespeareren semea, 1596an hil zen, izurriteak jota, dirudienez. Lau urte geroxeago Williamek Hamlet idatzi zuen, semearen izena hilezkor bihurtuz. Hori kontatzen du bederen Maggie O'Farrellek 'Hamnet' liburuan. Urte mordoa idazten daramagunok, ziur ez badakigu ere, sumatzen dugu badirela arrazoi ezkutuak idaztera bultzatzen dutenak. Semearen izena, emaztearen oroitzapena ez hiltzera bultzatzea, eternitatearen gazi-gozoak dastatzera behartzea, horra hor idazteko arrazoi batzuk. Izan ere, idazten duguna oro ahazmenaren aurka da, baina hark irakurtzen ez daki, edo ez guk nahi genukeen modura.
Mendekua omen 'Hamlet'en gaia. Izen bera daraman aita hiltzen dio osabak, eta amarekin da ezkontzen. Lehen eszenan bertan azaltzen da aita, mamu gisa, eta hilketa horri zor zaion ordaina kobratzeko eskatzen du. Mallarmék zioen desiraren beste izena mamu dela, alegia 'fantasma'. Kontzeptu bera errepikatzen du Lacanek, Freudi jarraiki. Mamuak ametsetan azaltzen zaizkigu, eta beti zerbait gogorarazteko da, zerbait agintzeko ez denean. Bada lotura bat gure nahi ezkutuen eta mamuen agerpenen artean. Mamuak, gorputzik gabea izaki, gorputzaz haratago luzatzen du bere boterea, kontzientziaren aldera, eta egin behar baina nahi ez duguna burutzera estutzen.
Hamletek mendeku-ekintza, alegia osabaren hilketa, luzarazten du, Ulisesek Itakarainoko ibilaldia bezala. Ez bidaia atsegina zaiolako, baizik eta helmugan badakielako zer duen aurkituko, bera hil eta emaztearekin ezkondu nahi duen erregegaia. Hamletek ez du osaba hil nahi; horrek bere dolu eta oinazea amatatuko lituzke. William Shakespeareren larruan jartzen naiz. Semearen oroitzapena galdu nahi ez, haren galerak sortutako hutsunea bete ezin. Tragediaren zantzuak norberaren bizitzan. Hamlet, mendekuarena baino, ahanzteko dugun ezintasunaren irudi da.