Haira Aizpurua lapurtarrak jantzi du Bertso Eskolarteko txapela
Iurretako final handiko txapeldunorde, berriz, Nafarroako Eki Mateorena izan da
Leire Larrazabal
Lunes, 5 de junio 2023, 11:59
Haira Aizpurua bertsolari gazte lapurtarrak jantzi du Euskal Herriko Bertso Eskolarteko txapela. Hamar bertsolariren artean erabaki behar zen larunbatean nor aterako zen garaile eta Aizpurua gailendu zen, Iurretan ospatu zen final zirraragarrian. Txapeldunorde, berriz, Nafarroako Eki Mateorena izan da.
Publicidad
Esan bezala, oholtza gainean, 35. Euskal Herriko Eskolartekoa erabakitzeko hamar bertsolari aritu ziren kantuan, alegia, lurralde ezberdinetako ordezkariak. Horrela, Arabatik, Maddi Agirre eta Sabin Abarrategi izan ziren; Bizkaitik, Haizea Telleria eta Ixone Asategi; Gipuzkoatik, June Aiestaran eta Danel Etxeberria; Lapurditik, Haira Aizpurua eta Ibai Lekuona; eta Nafarroatik, Kattin Madariaga eta Eki Mateorena.
Denek ere maila polita erakutsi zuten. Hasierako agurren ostean, lehen atalean zortziko handian eta zortziko txikian aritu ziren bertsolari guztiak, binaka. Horietatik, sei sailkatu ziren bigarren zatira: Danel Etxeberria, Eki Mateorena, Haira Aizpurua, June Aiestaran, Kattin Madariaga eta Maddi Agirre. Puntu bati erantzun eta bakarka gaiari bertso bat kantatu behar izan zioten sei horiek.
Lan guztia burutu ostean, Haira Aizpuruak lortu zuen aurtengo Euskal Herriko Eskolarteko txapela, bigarrenez (2021ean ere jantzi zuen), eta Eki Mateorena suertatu zen txapeldunorde. Anttonmari Aldekoa-Otalorak jantzi zion txapela txapeldunari; txapeldunordeari, aldiz, Bertsozale Elkarteko lehendakari taldeko Xabi Igoak eman zion saria. Gainontzekoak ere ez ziren esku hutsik joan, guztiek jaso baitzituzten oroigarriak.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión