https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Iseo & Dodosound, Sonakay eta beste hainbat euskal musika talde izango dira Mercat de Vic Azokan

La cantante de Iseo & Dodosound, durante un concierto./Efe
La cantante de Iseo & Dodosound, durante un concierto. / Efe

Euskal Herriko Musika Bulegoak, Bartzelonako Euskal Etxeak eta Etxepare Euskal Institutuak elkarlanean sustatutako ikuskizuna da Kataluniakoa

UNAI SARRIUGARTE

Hainbat euskal musika taldek esku hartuko dute Kataluniako Mercat de Vic Azokan. Mercat de Musica Viva de Vic azokaren 31. edizioa irailaren 18tik 21era bitartean ospatuko. Izan ere, Etxepare Euskal Institutuak lan izugarria egiten du bertan euskal musikaren ordezkaritza bat egon dadin. Bertan honako musika banda hauexek hartuko dute parte: Lumi, Sonakay, Joseba Irazoki eta Lagunak, Exnovios eta Iseo & Dodosound, besteak beste.

Lumi taldea Nahia Zubeldia eta Manu Matthys musikariek osatzen dute. Bikote honek pop elektronikoko musika egiten du. Musika banda hau gaur, osteguna, igoko da oholtza gainera. Musika emanaldia Viceko merkatuko Atlantida auditorioan eskainiko da.

Euskal Herriko Musika Bulegoak, Bartzelonako Euskal Etxeak eta Etxepare Euskal Institutuak elkarlanean sustatutako ikuskizuna da hauxe. Gainera, hemendik eta aste batzuetara egingo den EH Sona Bartzelonako musika jaialdiaren kartela aurkeztuko da bertan.

Lumi taldea ikusteaz gain, bisitariek azokaren lau egunotan beste euskal talde batzuk ikusteko parada izango dute eta den-denak irailaren 20an, ostirala, eskainiko dira. Flamenkoa eta euskara uztartzen dituen Sonakay taldea izango da agertokira igotzen lehena, arratsaldeko 19:15ean eskainiko baitu emanaldia Atlantida auditorioan. Arratsaldeko zortzietan, berriz, Joseba Irazoki musikari beratarra bere taldearekin oholtza gainera igoko da Carpa Vermellan.

Bestalde, egun berberean nafarroako beste bi musika banda taularatuko dira: batetik, Exnovios talde iruindarrak pop garajeroa eskainiko du Jazz Cava aretoan 20:45ean; bestetik, Iseo & Dodosound bikotea El Sucre gunean ibiliko da 00:15etatik aurrera, euren dub eta reggae doinu dantzagarriekin.

Mercat de Música Viva de Vic, musikaren industriako sektore guztietako profesionalen nazioarteko bilgunea da. Bertan hainbat herrialdetako profesionalak eta artistak biltzen dira urtero irailean, proposamen berriak ezagutu, foro ezberdinetan esku hartu, ezagutzak hedatu eta musika salerostera.