Gorka Urbizu formatu intimoan
Lekunberriko musikariak elkarrizketa musikatua eskainiko du Ugaon Sarea Sound System taldeak antolatutako saioan
irati alonso
Igandea, 23 maiatza 2021, 03:51
«Isiltzen banaiz ez da hitzik ez dudalako», dio Berri Txarrak taldearen kantak. Nafarrek agur esan zuten 2019an bizitza oso bat eszenatokietan eman ondoren eta horrekin batera Gorka Urbizu abeslariak alde batera egin zuen. Ordutik, gutxitan ikusi zaio Lekunberriko kantariari, bere hurrengo proiektua prestatzen baitago.
Oraingoan ordea lan horretan eten bat egingo du Ugaoko publikoarekin batera egoteko. Urbizuk elkarrizketa musikatua eskeiniko du Jane Jauregiko ganbaran maiatzaren 29an saio bikoitzean, 13.00 eta 18.00etan. Sarea Sound System erakundeak antolatutako emanaldia den heinea, talde horrek kudeatuko ditu sarrerak, fisikoki banatuko direnak data hauetan: bihar (16.30-18.30), etzi, hilak 25 (11.30-13.30) eta asteazkenean, 26an, (16.30-18.30).
Emanaldia
-
Non Jane Jauregia
-
Noiz Maiatzak 29
-
Sarrerak 5 euro
Horrela, urteetan zehar Euskal Herriko, estatuko eta mundu osoko agertokietan bizitako esperientzien inguruan arituko da Urbizu Ugaon, aldi berean soberan ezagunak diren kantak tartekatuko dituela nafarrak.
Lekunberrin jaioa, Berri Txarraken kantari eta gitarjole bezala egin zen ezaguna Gorka Urbizu duela hogei bat urte, Nahi ta naiez, Peiremans+ eta Katamalo proiektuen parte izan bada ere.
Berri Txarrak taldearen kantari eta gitarjole bezala egin da ezaguna Gorka Urbizu musikari nafarra
esperientzia luzea
Erreferentea
1994an sortu zuen taldea Aitor Goikoetxearekin (bateria) batera 17 urte zituztenean, beste banda batekin jada zenbait urte zeramatenean. Mikel López 'Rubio' (baxua) eta Aitor Oreja (gitarra) batu ziren jarraian, eta osaketa honekin lau disko grabatu zituzten. 2004an ordea Aitor Orejak taldea utzi zuen eta Berri Txarrak hirukote bihurtu zen. Lau urte geroago David González 'Rubio'-ren ordez sartu zen, eta 2010an Galder Izagirrek Goikoetxearen tokia hartu zuen. Formazio honekin hango eta hemengo agertokietan entzun dira talde nafarraren kantak.
'Ikusi arte', 'Ikasten', 'Libre' 'Jaio. Musika. Hil' edo 'Biziraun' mitikoetatik, 'Haria', 'Zerbait asmatuko dugu', 'Poligrafo bakarra', 'Spoiler' eta 'Katedral bat' berrienetara. Gorka Urbizuren hitzak zabaltzen dituzten abesti hauek eta beste hainbat ereserki bihurtu dira euskaldun askorentzat. 2019an ordea azken agurra eman zuen taldeak, taula gainetik jaitsi zela hirukotea bira luze eta bizi baten ostean. Ordutik, musikariek bere bide propioa egin dute eta kantaria Ugaon izango da orain soinu eta hitzak eskeintzeko.