https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Goitik jo

Joan dira errugbizaleak eta balantzea egiteko ordua da

Goitik jo
Luis Ángel Gómez
Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Joan dira errugbizaleak eta balantzea egiteko ordua da. Horretan dabiltza erakundeak, hedabideak eta Bilboko hainbat arlotako eragileak, zuzenean edo zeharka finalen oihartzun izan direnak. Denak datoz bat kirol giro paregabea goraipatzerakoan, jokalarien zein zaletu taldeen portaera bikaintzat jotzerakoan. Errugbia bestelakoa dela diotenak zuzen ibili dira, beste behin. Duela gutxi Europa mailako kanporaketetan futbolaren inguruan jazotakoak gogoratzea nahikoa da aldeaz ohartzeko.

Beharbada, barikuan espero baino jende gutxixeago bildu zen, eguraldia lagun izan arren. Challenge Cup-eko azken norgehiagokak San Mamesera joandakoak asebete zituen, ikusgarria izan baitzen. Baina egun handia zapatua zen, eta tartekako euriteek ere ez zuten hondatu. 52.000 lagunen aurrean gailendu ziren Leinster-eko irlandarrak, goizean goizetik kaleetan zegoen giro bikaina borobilduta.

Bilbok aise gainditu du erronka, nazioarte mailako horrelako gertakari batek berez dakarrena. Zalantzarik ez dago dagoeneko erreferente dela antzekoen antolaketan. Turistentzat gero eta erakargarriago izatearekin batera, bere azpiegitura modernoek hamaikatxo aukera eskaintzen dizkiote. Lana eta seriotasuna uztartuta sekulako lorpenak hel daitezke, asteburuko errugbi finalen ondoriozko izen are hobeak lagunduta.

Baina bada zuzendu beharrekorik. Etorritako errugbizaleetako asko oso kexu agertu dira, eta arrazoiarekin, prezioen bat-bateko gorakadaren ondorioz. Hoteletako batzuek nabarmen puztu dituzte, izar bakartiren bat multzo zabal bihurtuta. Izan da zorrotz ekin dion ostalaririk ere, tarterik laburrenean ahalik eta etekin potoloena nahi duen horietakorik. Eskaera handia denean eskaintza beti garestitzen da, baina neurrian behar du, bestelakoa gehiegikeria delako. Eta hori da kasu askotan eman den irudia, oso epe laburrera begiratu eta jendearen etorri gura modu guztiz desegokian aprobetxatzekoa.

Maila handiko ekitaldiak hartzeko ezinbestekoa da lehiakorra izatea, baita ikuspuntu sozial eta ekonomikotik ere. Beraz, diru-gose neurrigabeko jokaerek ez dute batere laguntzen, hiriaren irudia kaltetzen dutenez gero. Hor badago hurrengoetarako aztertu beharreko puntu beltz bat, prezio igoerak arruntetatik haragokoak izan direlako oraingoan. Oso haragokoak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos