Gernikan lehen irakurketa kluba jaio da
Hiru eta bost urte bitarteko umeei eta haien familiei zuzenduta dago, eta maiatzera arte ospatuko da
Leire Larrazabal
Miércoles, 3 de abril 2024
Zein garrantzitsua den irakurtzea! Bai, noski! Baina, noizean behin, bultzada bat behar dugu. Hori dela eta, Gernika-Lumoko Kultur Etxeak Irakur-jolas Txokoa izeneko umeentzako doako irakurketa kluba antolatu du lehen aldiz. Hiru eta bost urte bitarteko umeei eta haien familiei zuzenduta, arreta handiz diseinatutako hiru saioen bidez egingo da. Saio horietan, euskal haur-literaturaren aberastasuna aztertuko da, giro ludiko eta aberasgarrian. Gainera, tailer hauetan zehar, helduek ipuinak modu erakargarri eta eraginkorrean kontatzeko ezagutzak eskuratuko dituzte.
Publicidad
Hala, hiru etapako bidaia proposatzen du. Lehenengo 'txangoa' dagoeneko ospatu da martxoan. Ipuin, abesti eta hitz-jokoz betetako munduari ireki dizkio ateak, eta iparrorratza irudimena izan da. Hurrengo hitzordua apirilaren 12an helduko da, 17.30ean. Bidaiaren bigarren etapak poemen magian eta ahozko narrazioan murgilduko ditu parte-hartzaileak, irakurtzeko zaletasuna piztuz. Azkenik, hirugarren txanpa maiatzaren 17an iritsiko da, eta sormen tailer batekin emango dio amaiera abenturari. Tailer horretan umeek eta familiek beren literatura adierazpenari bide eman ahal izango diote.
Irakurtzeko trebetasunen garapena sustatzeko eta esperientzia osoa ziurtatzeko, ezinbestekoa da hiru saioetan parte hartzea. Kupoa hamabost umerentzat da, eta bidaian zehar guraso eta hezitzaileekin egongo dira. Ekimen horren helburuak dira umeen irakurzaletasuna sustatzea eta gurasoei tresnak eskaintzea, literatura familia-bizitzako funtsezko elementu bihurtzeko. Irakur-jolas Txokoa ekimenean parte hartu nahi duten familiek 94 465 00 31 telefonora deituz egin dezakete erreserba.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión