Gaztekluba ideia jarri du martxan Bilboko Udalak
Egitasmo honen bitartez aisialdi osasungarriarekin lotutako proposamenak bidali ahal izango dituzte parte-hartzaileek
UNAI SARRIUGARTE
Asteartea, 14 urtarrila 2020, 22:20
Gaztekluba ideia jarri du martxan Bilboko Udalak. Izan ere, Udalak lehendabiziko aldiz 15 urtetik 17 urtera bitarteko gazteei bideratutako aisialdi programa bat jarri du abian. Egitasmo honen bitartez aisialdi osasungarriarekin lotutako proposamenak bidali ahal izango dituzte parte-hartzaileek, eta Udalak proposamen onenak hautatu eta hauei diru-laguntza ezberdinak eskainiko dizkie.
Bertan esku hartzeko interesa duen edonork otsailaren 21era bitarte aurkeztu ahal izango ditu ideiak Bilbaogazte webgunearen bitartez. Hauexek taldeka aurkeztu behar izango dituzte eta hiru gazteren izena eraman beharko dute. Aste Santuan, udako oporretan edota ekainera bitarteko asteburuetan egiteko jarduerak izan beharko dira, 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzako aproposak direnak eta espazio zabal eta komunitarioetan jorratu ahal direnak.
Epaimahaiak gazteen interes eta zaletasunekin bat datozen ideia eta proposamenak izango ditu aintzat, betiere osasunarentzat onuragarriak diren jarduerei lehentasuna emanez. Udalak duela egun batzuk iragarri zuenez, arte plastikoak zein eszenikoak, ikus-entzunezkoak, kirola, musika edota kulturarekin lotutako beste hainbat arlo izan ahal dira.
Proposamen guztiak jasota, Udalak bost hautatuko ditu, eta gehienez 2.000 euro bideratuko ditu bakoitzera. Proiektuen arduradun diren gazteak Gaztekluba udal-programako profesionalek ospatuko dituzten saioetara joango dira, ideiak zehazten eta gauzatzen joaten diren heinean.
Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzi den Itxaso Errotetak duela egun batzuk nabarmendu zuenez: «gazteekin astialdi osasungarriaren kultura sustatu nahi dugu, eta udal programazioaren diseinuan gazteek parte-hartu dezaten sustatu». Hala, Udalak Gaztekluba Ideiak lehiaketaren bitartez, gazteen ekimenean, sormenean, antolatzeko gaitasunean eta talde-lanean esku-hartu nahi izan du.