Gazteen kontra
Dirudienez zahar guztientzat inguruan tokatu zaizkien gazteak ez dira inondik ere aurreko belaunaldiaren mailara iristen. Izan daiteke, hori pentsatzen baitzuten zaharrek nire belaunaldiari buruz eta hori entzuten baitiet gaurko zaharrei gaurko gazteei buruz.
Tira, hori horrela balitz, gizartea atzeraka joango litzateke, okerrera, belaunaldiz belaunaldi maila bat beherago amildegirako bidean. Gainera, sasoiko gazteak gutxiesten dituenak gutxitan azalduko du zalantzarik bere jarreraren azpian dagoen azterketaren inguruan: gazte guztiak ezagutzen ditu, han edo hemen lan egiten duelako, han edo hemen dabilelako eta ikusten duena ikusten duelako.
Noski, halakoak badaki belaunaldi guztiak anitzak direla, bera gazte zenean ere gazte guztiak ez zirelako berdinak, orain zahar guztiak desberdinak diren bezalaxe. Egia da, era berean, zaharrok mesfidati begiratzen diegula gazteei, beti gaizki egiten dutenaren bila, beti goitik behera begira, beti aldaketen beldur.
Adinak ez gaitu guztiok berdintzen, gizartean tokatu zaigun lekuak erabat berdintzen ez gaituen bezalaxe. Dirudienez, gazteen kontra jarduten duten zaharrek paradisuan bizi izan ziren urte batzuetan, nola ez, gaztaroan. Eta orain ez dute inon paradisurik aurkitzen, ez bada iragan mitifikatu horretan.
Gero, hemendik gutxira, zaharrengana helduko dira gazteek eragindako aldaketak eta batek baino gehiagok egingo du bere, lehen arbuiatu zuen ohitura edo esapidea. Nori ikasi dion aitortu gabe, gazteen ahuleziaren diskurtsoa aldatu gabe. Horixe bakarrik falta zen, gazteei onuraren bat aitortzea.
Aitortzen dut askotan gazteak gazteegiak iruditzen zaizkidala, sarritan arrotzak, baina ez inguruan ditudan zahar asko baino arrotzago. Alderantzizkoa gertatzen zait, hurbilago sentitzen ditudala gazte batzuk zahar asko baino. Agian hor dago gakoa, gazteek urte asko dituztela aurretik eta zaharrok gutxi. Agian inbidia beltza besterik ez.