https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gabonetan oparitzeko liburuak (II): 'Olerkia eta saiakera'

Aukeratutako liburu batzuk./
Aukeratutako liburu batzuk.

Javier Rojo
JAVIER ROJO

Helduaroaren talaiatik: Ia hemen

Aurten euskaraz argitaratu diren poema liburuen artean Juanjo Olasagarrek idatzitakoa nabarmenduko nuke. Esperientzia handiko idazlea izanik, bere ibilbidean poema liburuak eta nobelak agertzen dira, baina batez ere poesiaren arloan bihurtu zaigu erreferente garrantzitsua. 'Ia hemen' izenburuko poema liburu honetan, eta bere belaunaldiko idazle askorekin gertatzen den bezala, poetak bizitzari talaia moduko batetik begiratzen dio, eskarmentutik sortuta dirudien jarrera estoiko eta eszeptikoa dela medio. Planteamendu orokor horrekin Olasagarrek bizitza begiratu ez ezik disekzionatu ere egiten du, bere ikuspuntua ironiko eta batzuetan sarkastikoa delarik. Atzera begira, haur-tzaroa ez da, topikoak adierazi nahi lukeen bezala, zorion esparrua. Maitasuna betikoa izan daiteke, nahiz-eta minutu batzuk baino iraun ez. Jatorriek inposatzen dituzten mugetatik alde egiten pasa daiteke bizi-tza osoa, baina azkenean jatorriko paisaiaren emaitza da norbera. Honelako ikaskizunak erakusten dizkigu Olasagarreren poesiak. Poemak nostalgia puntu batez zipriztinduta daude, baina nostalgia hau bezatuta agertzen zaigu. Eta sentimenduak ere bridatuta daude, bere kasa ibil ez daitezen. Olasagarreren poesiak eternitatearen antsia erakusten du, baina badaki eternitatea momentu soil batera laburtuta geratu ohi dela.

Egilea: Juanjo Olasagarre PamielaIruñea, 2018120 orr. 14,00 euro

Maitatu zure..

Pako Aristiren poema hauetan mundua helduarotik begiratzen da, lasaitasunez beteriko ikuspuntuarekin. Gaztaroko lehiek neurri handian galdu dute zentzua bizitzaren puntu horretara helduta, eta haien gainetik ikuspegi sosegatua gailentzen da. Eta jarrera horrek erakusten du bizitzan benetan inporta duten gauzak askotan txikienak eta gutxien nabarmentzen direnak direla. Poemak udazkeneko koloreaz idatzita daudela esan daiteke, melankoliaz zipriztinduta.

Egilea: Pako AristiErein. Donostia, 2018120 orr. 14,00 euro

Keinu konplizeak

Karlos Cid Abasolo itzultzaile moduan ezaguna izan da gure artean. Aurten, ordea, poema liburu bat eman du argitara. Idazlan honetan agertzen diren testuetan surrealismoak presentzia nabarmena du lehenengo momentutik. Izan ere, bertan agertzen diren elementuen arteko erlazioek ohiko logika gainditzen dute, osagai horiek lotzen dituzten hariek misteriotsuak diruditelarik. Baina honetaz gain beste poema batzuek mundu xixtrina erakusten digute, jarrera ironikoa lagun.

Egilea: Karlos Cid AbasoloSusa. Zarautz, 201888 orr. 13,50 euro

Goseak janak

Egilea: Idurre Eskisabel Larrañaga. Susa. Zarautz, 2018 96 orr. 13,50 euro

Ohe hutsetan

Literaturan ohiko gaia da nahiaren eta errealitatearen arteko kontrajarpena. Eta gatazka hori agertzen zaigu ardatz moduan Gracia Quintanaren liburu honetan. Subjektu poetikoa zerbait eraiki nahian aurkitzen dugu, identitate bat, batzuetan pertsonala baina askotan kolektiboa. Eta identitate hau eraikitzeko ingurua du oztopo. Hondatu/eraiki dialektikan galduta, poema nahiko laburrak ager-tzen dira hemen, non paradoxa eta kontraesana oinarrizko osagaiak diren.

Egilea: Izaskun Gracia Quintana Balea Zuria. Donostia, 201880 orr. 10,00 euro

Errukiaren saria

Iñaki Irazuren lehenengo literatur emaitza poema liburu moduan aurkezten da, baina bertan agertzen diren testu asko ikusita, poemak baino gehiago narrazioak dirudite. Hiru zatitan dago banatuta idazlan hau, eta atal bakoitza gai baten inguruan ari da: hurbileko historia eta memoria; gizartean bazterrean geratu direnak; eta bizitzaren alderdi xume eta betegarriak. Zein ere den gaia, ahulekiko enpatia agertzen zaigu oinarrizko jarrera moduan testu hauetan.

Egilea:Iñaki Irazu. Erein. Donostia, 2018144 orr. 14,00 euro

Aldi baterako

Manu Lopez Gaseniren liburu honen izenburuari erreparatzen badiogu, idazlanean planteatzen den ikuspuntua oso ondo laburtzen duela esan daiteke, zeren gai nagusia gizakiari denboraren aldetik aurkezten zaion muga baita. Muga hau nabarmenago begitantzen zaio pertsonari amaiera hurbil egon daitekeela iruditzen zaionean eta gizakiak bere limitazioak begi-bistan dituelarik, nolabait transzenditu nahi lituzke. Hori adierazteko idazleak poesia gardena hautatu du.

Egilea: Manu Lopez Gaseni. Pamiela. Iruñea, 201872 orr. 12,00 euro

Azalberritze bat

Esti Martinez Diaz de Cerioren poema liburu honen izenburua eta liburuaren hasieran ageri den poema moduko testua idazlearen asmoen aldarrikapentzat har daitezke. Identitatea bilatzearekin erlazio zuzena du aldarrikapen horrek, poema hauetan, besteak beste, norbera izateko hazi beharraz aritzen da-eta. Edonola ere, besteek norberaren gainean irudi bat ere planteatzen dutenez gero, hortik sortzen da subjektuaren eta objektuaren arteko kontrajarpen bortitza.

Egilea: Esti Martinez Diaz de Cerio. Balea Zuria. Donostia, 2018. 80 orr. 10,00 euro

Hondar aleak

Ugalderen poema liburu honetan subjektu poetikoa heldutasunean kokaturik ikusten dugu, puntu horrek eskaintzen dion perspektibatik bizitzaz hausnarrean. Badaki puntu horretara ailegatuta etorkizunerako planteatzen zaiona azken hondarrak direla, hondar aleak, izenburuaren anbiguetatearekin esanda. Eta erromantizismoaren hondakinetatik sortutako subjektua denez, bizitza desilusioen eta etsipenen gailentze moduan aurkezten du.

Egilea: Rafa UgaldeErein. Donostia, 201880 orr. 8,00 euro

Temas

Euskera