719 forma berri sartu ditu Euskaltzaindiak bere hiztegian
Hiztegia eguneratzeaz gain, 41 sarrera eta 678 azpisarrera gehitu ditu azken sei hilabeteetan
Paul Picado
Asteartea, 14 uztaila 2020, 21:31
Euskaltzaindiak 719 forma berri sartu ditu bere hiztegian. Horrela, forma berri horietatik 41 sarrera eta 678 azpisarrera dira, zuzendu eta osatzeaz gain, hiztegira gehitu dituenak. Hemen ikus daitezke gehitu dituen forma berri horiek. Badira definizioa osatu eta moldatu direnak, adiera edo azpiadiera gehitu edo kendu direnak, forma moldatu direnak, adibideren bat gehitu eta kendu, edo moldatu direnak. Osatu dituenen artean, «maskara» hitza dugu, gaur egungo egoerak hala eskatzen zuelako. Hauxe izan da gehitu duten adiera berria: «2 iz. Ahoa eta sudurra estaltzen dituen babesgarria, agente patogenoetatik, toxikoetatik edo hautsetik babesteko erabiltzen dena».
Etengabe osatzen eta berrikusten du hiztegia Euskaltzaindiak, eta azken sei hiletako lanaren emaitza da azken sarrera eta azpisarreren bilketa. Gaur egun, 39.292 sarrera, 8.786 azpisarrera eta 66.396 adiera ditu hiztegiak, eta oraingoan gehitu dituen forma asko tradiziokoak dira, iaz hasitako joerari jarraituz. Izan ere, euskal ondarea erakusten hastea erabaki zuen. Bestalde, esaera zaharrak ere berreskuratu egin ditu.
Dena den, forma berriak gehitzeaz gain, beste 647 forma osatu edo findu ere egin ditu. Adierazi dutenez, hiztegia handitzen den heinean, aurretik dauden adierak osatu eta fintzen dituzte. Urtean bitan gehitzen ditu adierak online hiztegira, eta 2016. urtean paperean argitaratu zuenetik, bigarren aldia da formak sareratzen dituena.
Miriam Urkiak, Euskaltzaindiaren Hiztegiko arduradunak, forma berriak eta tradiziokoak konbinatu behar direla adierazi du, eta adiera batzuk azpisarrera gisa jaso dituztela, jendeak erraz aurki ditzan.