47 film labur aurkeztu dira 2021eko Kimuak-en deialdira
Joan den maiatzaren 24an amaitu zen lanak aurkezteko epea, eta ekainaren 7an jakinaraziko dute zer lan aukeratu dituzten
Paul Picado
Miércoles, 2 de junio 2021, 21:39
Guztira, 47 film labur aurkeztu dira aurtengo Kimuak-en deialdira, horrenbestez, iaz baino 25 gutxiago. Hogeita laugarren deialdia izango da eta aurrekoan zazpi film labur aukeratu zituen epaimahaiak. Joan den maiatzaren 24an amaitu zen lanak aurkezteko epea, eta ekainaren 7an jakinaraziko dute zer lan aukeratu dituzten.
Publicidad
Aurtengo epaimahaikideak izango dira, besteak beste, Vanesa Fernandez, ZINEBI, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko zuzendaria; Ainhoa Fernandez de Arroyabe, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta ikertzailea; Victor Lamadrid, Cantabria en Corto film labur sustapen-katalogoko arduraduna, Cantabria Film Commissioneko koordinatzailea eta Spain Film Commissioneko lehendakariordea; Alfonso Lopez, Donostia Kulturako Zinema Unitateko teknikaria eta Bang Bang Zinemako kidea eta Ana Esperanza Redondo, Donostia Zinemaldiko Hautespen Batzordeko eta Dokumentazio eta Film Departamentuko kidea.
Kimuak-en helburua euskal film laburrak sustatzea eta nazioartean zabaltzea da. Beraz, aukeratzen dituen filmekin katalogo bat osatzeaz gain, nazioarteko zinema jaialdi garrantzitsuenetara, erakunde eta nazioarteko ikus-entzunezko ekitaldi ezagunenetara bidali ere egiten ditu.
Deialdian parte hartzeko zenbait baldintza daude, hala nola, film laburra 2020ko ekainaren 1 baino beranduagokoa izatea, 30 minutu baino gutxiagokoa izatea, publizitaterik ez egitea, bideoklip bat ez izatea eta eduki arrazista edota sexistarik ez izatea. Bestalde, animaliei tratu txarrak edo kalteak eragiten dizkietenak ere ez dira onartzen. Azkenik, hautatutako film laburra ezingo da agertu Kimuak-ena ez den beste katalogoren batean. Ostiralera arte itxaron beharko dute hautatutakoen berri izateko.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión