https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Feminismoaren eztanda

Martxoak 8ko manifestaldia, iaz, Bilbon./Fernando Gómez
Martxoak 8ko manifestaldia, iaz, Bilbon. / Fernando Gómez
Arantxa Urretabizkaia
ARANTXA URRETABIZKAIA

Entzungo zenuen igel egosiarena. Sartzen omen duzu igel bat ur epeletan, ontzi batean. Gero, jartzen duzu ontzia sutan, su motelean eta ura pixkana berotzen den bitartean, igela ontzian dabil, batetik bestera, goxo. Beroketa mantso gertatzen denez, igela ez omen da jabetzen, bere gorputza uraren tenperaturari egokitzen zaiolako. Igela egosten den arte. Nonbait, igela egosi aurretik ateratzen duzu piztia uretatik eta haren lekuan beste bat jartzen baduzu, bigarren igelak salto egiten omen du ontzitik, ura beroegia dagoelako, arriskuari igartzen diolako.

Antzeko zerbait gertatzen zaigu emakumeoi, ur epeletan sartzen gaituztela sortu bezain pronto, eta gero, urteak aurrera egin ahala, ur hori berotuz doala. Baina, igelak ez bezala, emakume gehienek salto egiten dute ura gehiegi berotu dela iruditzen zaienean, batzuek lehenago, besteek geroago. Gutxi direla egosteraino heltzen direnak.

Agian hori da gertatzen ari dena, milaka emakumek egiten duela salto berotzen ari den uretatik, lehen, ez hain aspaldian, ezinbestekoa iruditzen zitzaiguna orain onartezina iruditzen zaigulako. Norbaitek esan digu ura beroegi dagoela, bertan egosiko garela eta ulertu dugu ahots horrek arrazoi duela.

Ikerketa batek baino gehiagok egiaztatu du ur berotik salto egiten duen asko gazteak direla, oraindik ura epeletik berora pasatu ez denean ere ez dutela onartzen aurreko belaunaldiak normaltzat zuena. Ez die inork esan agian luzaro lehorrean geldituko direla edo bai eta arriskuari aurre egiteko kemena dute.

Irudia ez da perfektua, baina feminismoaren eztanda esplika dezake. Feminismoaren (feminismoen) mezuak aurkitu du bozgorailua. Eta horrekin batera, gertatzen ari denarekin beldurtutako pertsonak ere azaleratu dira. Batzuek alderdi politiko bat eta guzti antolatu dute, baina ez daude hor feminismoari beldurra dioten guztiak.

Edonon daude uretatik kanpo hotz egiten duela oihukatzen dutenak. Igelok, ordea, beldurra galdu dugu.

Temas

Euskera