Borrar
Unamuno, Fuerteventurako hainbat herritarrekin.
Territorios

Unamuno Fuerteventuran

Tindaya herrian, Montaña Quemada deitzen den paraje batean, Unamunoren eskultura erraldoia ageri da, gorputz osokoa

Ostirala, 19 iraila 2025, 23:53

Comenta

Uda honen hondarrean, abuztuko azkeneko egunetan, bero sapatik ihes eginez, Fuerteventurara joan ginen, hegazkina harturik. Ez da uharte oso ezaguna; ez du Kanarietako besteek duten xarma, ezta erakarpenik ere, turismoaren begipean. Turismoa da lege askoren artean lege; itsasoaren ondoko lurrak hartuak ditu bere belusezko eskuarekin. Lehen elkorra zena, bizileku egin dute orain, nolabait deitzearren aldi bateko biztanleak hartzen dituen etxeari. Horrek ematen die hainbat herriri unibertsaltasun faltsu kutsua, globalizazioaren arrastorik garbiena. Ezer ez da dirudiena, itxura eta azala besterik ez da erakusten. Kanpotarrak bertakotu ezinik, bertakoak kanporatu dituzte. Bertakoak barruan bizi dira, Betancurian edo Antiguan, herri polit ikusgarriak.

Hegazkinak lur hartu zuen Puerto del Rosario ondoan dagoen aireportuan. Puerto del Rosario, Miguel de Unamuno hara iritsitakoan, 1924an, Puerto Cabras zen. Ahuntza da, izan ere, Fuerteventurako abere propioa, sumendien hondarrez eta haien barrenetik jaurtitako harriez gainera ezer propiorik bada gaurko egunean bederen. Unamunok lau hilabete besterik ez zuen igaro uhartean. Apirilean iritsi zen, eta uztailean alde egin zuen, indultua jasota, baina indultuaz baliatu gabe, ez baitzuen Espainian bizi nahi, Primo de Rivera, deserrira bidali zuen diktadorea, agintean zegoen bitartean. Fuerteventuratik Parisera joan zen. Rodrigo Sorianorekin batera etorri zen Fuerteventurara, eta hiru liburu ekarri zituen irakurtzeko, Danteren 'Komedia', Leopardiren 'Kantak', italieraz, eta 'Testamentu Berria', grekoaz. Hiruetako bat bera ere ez da liburu alaia, baina pentsatzekoa da Fuerteventurara 1924an iritsi zen Unamunok garaituen tristura betea zekarrela.

Pentsatzekoa da Fuerteventurara 1924an iritsi zenean garaituen tristura betea zekarrela

Puerto del Rosarion ikus daiteke, gogoragarri, Unamunori eskainitako museoa. Kontuan harturik, Fuerteventuran deserriratu gehiago egon direla, tartean Buenaventura Durruti eta Joaquín Satrustegui, politiko donostiarra, ez da meritu makala Unamunorena, arrastoa utzi zuen seinale. Fuerteventurak ere eragina izan zuen Unamunorengan, eta ez da harritzekoa, uharte ederra da, berezia, erretakoa. Haizeak jotzen du etengabe, itsasoa ez da barea, eta mendiak, zerbaitek jo izan balitu bezala, zapalak ikusten dira, zapal eta zaharrak, mendeetan mendi izatez nekatuxeak. Mendi horietako bat Tindaya da, sumendi bat. Cioranek idatzi zuen, itzalitako sumendiak ziruditen pentsalariak zirela balekoenak. Nik ere, itzalitako sumendi bat ikustean, pentsatzen dut sua botaka has daitekeela, edozein unetan, eta gero dena eramango duela aurretik, harri eta harea bihurturik. Harearen amaigabetasuna da Fuerteventuran ikusgarri. Harriaren ondare da, muinoak osatzen ditu itsasbazterreko partean. Denboraren lana, gizakiari egonleku eta ikuspegi bat eskaintzen dizkio.

Tindaya herrian, Montaña Quemada deitzen den parajean, Unamunoren eskultura erraldoia ageri da, gorputz osokoa. Metaforatzat har daiteke. Ez da erraza haraino iristea, erraza ez den bezala Unamunoren pentsamenduaren barnean sartzea, nahasia baita batzuetan, korapilatsua besteetan, sakona beti.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Unamuno Fuerteventuran

Unamuno Fuerteventuran