Banpiroak
Nork bere banpiroa darama, mozorroan ez bada, barnean ongi gordea
Harrietek, Shelley poetaren emazteak, lagun bati idatzitako gutun batean irakurtzen da: «Behin maitatu nuen gizona hil da. Orain banpiro bat da». 1814ko testua da. Oraindik ez da banpiroei buruz ezer idatzi literaturaren arloan. Baina giroan dago, ezin uka.
Banpiroei buruz hitz egitea gizatasunari buruz hitz egitea da. Nork bere banpiroa darama, mozorroan ez bada, barnean ongi gordea, desiraren tolesturen artean bil-bil egina. Gure beste hori da; guk bera erakutsi nahi ez, eta, baimenik gabe, bere burua erakusten du: gandortentea halakoa. Gure erdia da, edo gu gara haren beste erdia, ez jakin. Gutaz ahantzi eta bere bideari jarraitzen dio, bere ekintzen ondorioz eta erantzukizunez batere arduratzeke. Bizitzaren alde iluna da, ilargiaren aurpegia bezain ezezaguna. Literaturari arnasa berria eman dio horrek; psikoanalisiak bere urpekariak bidali ditu itsaso kabugabe horren hondoraino iristeko, eta han zer suma ibiltzeko. Ez dute beti perla ederrik ekarri bueltakoan. Badira salbuespenak: 'Ulises', esaterako. Erraz nahasten ditugu barnekoa eta kanpokoa, nahasten ditugun bezala publikoa eta pribatua. Barne eta kanpo, norberaren eremuak dira; publikoa, besteena izan daiteke; pribatua, guk nahi dugun neurrian.
«Banpiro edo munstro, gu ez garen edonor arbuiatzeko hitzak dira»
Aspaldi honetan, literaturaren deseraikitze-prozesuan murgildurik gaudelarik, non estetika berriak estetika zaharrak estali nahian ari diren, literatura idatziaren kritikak literatura idazten duten idazleena ordezkatu du. Ez dira, jada, literaturaren izenean idatzitako lanak kritikatzen, goratzeko edo ezeztatzeko bada ere; idazleak beraiek dira kritikagarri eta, askotan gaitzesgarri, pribatuan gorde nahi diren, edo nahi ez diren, kontuak publiko egiten direnean. Izan daiteke ideologia, sexu edo genero-kontua, besteekiko jarrera etikoa, anekdota hutsa, eta dena erabiltzen da idazlea bera zapuzteko, edo goratzeko, auskalo. Jakina, eroritako tenpluaren gainean beste bat altxatzen da, ideologia hegemonikoarekin bat datorrena. Norbaitek pentsa lezake beti izan dela horrela, literaturan dauden borrokak beste borroka batzuen isla izan direla. Agian, bai. Dena dela, iruditzen zait idazlearen pribatutasuna gauza bat dela eta publikotasuna, argitaratutako lanak, idazleak munduaren aurrean duen jarrera eta egoera, esaterako, bestea. Barneko mundua, hain eraginkorra, kanpoko munduarekin bat etor daiteke, edo ez, baina biak ala biak dira sortzen den arte-lanaren legamia. Idaztea izan daiteke izateko modu bat, edo ez. Begiratu behar zertan lotzen diren barneko eta kanpoko mundua.
Idazle baten biografia irakurtzen dudanean, berdin da nor, idazle horren lanak irakurtzeko gogoa kentzen zait gehienetan. Ez baita inor bere bizitza pribatuan publikoan den bezalakoa; idazle bat ez da bere harremanetan bere pertsonaiak diren bezain eskuzabal eta onbera, edo… Idazle batek idazten duenean ematen du bere maila, batzuetan gorena. Pertsona gisa, bere on-gaitzak, bere zuzen-okerrak ditu. Ez gara perfektuak. Ez gara ez aingeru ez demonio. Kaskarrak gara, normalean, kanpotik eta kanpora begiratuta; bereziak, gure baitako gela itxian, inoren begiradatik urrun. Norberaren barneko paisaiak dauka garrantzia, baina irakurtzen jakin behar.
Banpiro edo munstro, gu ez garen edonor arbuiatzeko hitzak dira. Azkenaldiko modernitate horrek ahantzia edo galdua zegoen munduaren banaketa sinbolikoa ekarri du. Alde batetik, gu; bestetik, gainerakoak, munstroak, banpiroak, izaki gaiztoak. Alde batetik, lagunak; bestetik, etsaiak. Agian, gure ispilu.