Fagorrek lantegi bat irekiko du Estatu Batuetan
Enpresa berau Europako korporazio industrial handienetarikoa da
UNAI SARRIUGARTE
Asteartea, 26 azaroa 2019, 00:46
Fagorrek lantegi bat irekiko du Estatu Batuetan. Gipuzkoar enpresak duela egun batzuk iragarri zuenez, lantegi berria Chicagoko metropoliaren inguruan egongo da. Dena den, oraindik Fagorren ordezkariek ez dute kokaleku konkretua zehaztu.
Konpainia honek AEB-tan duen merkatua ikaragarri hazi da azken urteotan. Horren seinale dira enpresak aurten Chicagoko Fabtech 2019 azokan erakusgarri izan dituen bi stand ezberdinak. Hauxe ez da ekoizpen lantoki bat izango, zerbitzuetara osoki bideratuta egongo baita. Azken boladan Estatu Batuetan zabalik dituen proiektuei babesa emateko erabiliko dute.
Arrasateko kooperatibak nabarmendu zuenez, egitasmo berri honen helburua Fagorrek eskaintzen duen salmenta ondorengo zerbitzua indartzea izango da, bezero ezberdinenganako arreta eta harremana hobetu eta sendotzea, hain zuzen.
Fagor Arrasate makina-erremintaren sektorekoa konpainia da. Munduko liderra altzairuzko, aluminiozko eta herdoilgaitzezko konformaziorako neurriko soluzioen diseinuan eta produkzioan. Egun enpresak nazioartean dihardu gehienbat autogintzako eta aeronautikako enpresetarako lanean. Era berean, neurri txikiago batean altzairugintzarako, forjaketarako eta etxetresna elektrikoen eta metalezko altzairuen industrian murgilduta dago.
Fagor Arrasate, berau Europako korporazio industrial handienetarikoa da eta bere headquarters-ak eta planta nagusia Arrasaten kokatuta daude, Espainiako eremu industrializatuenetakoan. Gainera, konpainiak Txinan, Shangai ondoan lantegi bat dauka, eta hamar saltoki munduan barrena bezeroei zerbitzua eta harreman zuzena bermatzeko. Saltoki hauek AEB, Alemania, India, Errusia, Brasil, Mexiko eta Txinan daude.