https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ezkabi-Fidel eta urrezko sagarrak

'Ezkabi-Fidel' ipuinaren edertasuna apartekoa da./
'Ezkabi-Fidel' ipuinaren edertasuna apartekoa da.

Ipuin eder honetan gizataldearen antolakuntzari buruz hitz egiten digu kontalariak

Felix Gerenabarrena
FELIX GERENABARRENA

Wentworth Websterrek 'Légendes basques' bere liburuan 'Ezkabi-Fidel' ipuina jasotzen du. Ipuin honen edertasuna apartekoa da. Alde batetik, narrazioak ezustekoa erabiltzen du, behin eta berriro, kontakizunaren norabidea iraultzeko. Bestalde, kontu honek baloreen irakaskuntza ematen du, beti ere modu metaforikoan, zeharka, zuzenki moralitatezko diskurtso astun bat osatu gabe. Azkenik, ipuinak kontuan hartzen duen gizarte-eremua zabala da, komunitate politiko oso batena, alegia. 'Ezkabi-Fidel' ipuinean gizataldearen antolakuntzari buruz hitz egiten digu kontalariak. Antolakuntza hori modu dinamikoan ulertzen da. Une bakoitzean zirkunstantziek eskatzen dituzten aldaketak aintzat hartzen dira eta gizartearen antolakuntza orokorrerako eredu bakarra ez dagoela azpimarratzen da.

Esan daiteke ipuinaren atzealdean ideia orokor bat dagoela, botere-egituren eta giza komunitatearen oposaketa, batik bat. Victor Turner antropologoak erabiltzen zuen 'structure/communitas' funtsezko kategoriek nahiko ongi islatzen dute ipuin honetan kontatzen dena. Egitura edo estruktura berez egonkorra eta ia mugiezina da. Komunitateak, ordea, egiturak agintzen dion espazioa betetzen du edo hutsik dagoen espazioa aprobetxatzen du. Aipatu behar da euskal kontu zaharren esparruan badagoela beste ipuin bat antzeko gaiak lantzen dituena, Barandiranek jaso zuen 'Gatza ala erregea', baina azken honetan lehentasunezkoa norbanakoaren bizitzarako irakaskuntza da. 'Ezkabi-Fidel'en, ordea, ipuinak gizartearentzat baliagarriak izan daitezkeen baloreak izendatzen ditu.

Fidelen jatorria

Fidel bere amarekin bizi zen eta oso txiroak ziren. Baldintza horietan bizitzea ez zela benetako bizitza esan zion amari eta jatorrizko etxea uztea erabaki zuen. Baso bat zeharkatzen zihoala, gizon bat ezagutu zuen eta honek morroia izateko aukera eman zion. Fidelek baietz esan zion eta gizonaren etxaldera abiatu ziren biak. Hala ere, nagusiak bidaia bat egin behar zuelako Fidel bakarrik utzi zuen baserrian, kortan zeuden zaldi eta animalien laguntza soilarekin. Animalia horien artean, behor zuri hiztun bat zegoen. Fideli etxe hartatik ihes egiteko gomendatu zion behorrak, bere laguntza izango zuela ahalegin horretan.

Laguntza horren seinale da lapiko batean behorrak prestatzen dion nahasketa magikoa, Fidelek eskuak eta burua beti distiratsuak izan ditzan. Ondoren, Fidelek eta behorrak ihes egiten dute eta behorrak erresuma bateko atarian uzten du Fidel. Erresuma horretako erregeak hiru alaba zituen eta gure heroiaren buru distiratsua ikusterakoan, gazteena Fidelez berehala maitemintzen da. Erregeak gogoz kontra onartzen du harreman hori, baina argi uzten dio alabari bazterreko mendi-gune batean bizi beharko direla, jauregitik at. Alabak onartzen du baldintza eta pozarren bizi dira Fidel eta biak. Beraz, hastapenean Fidelek gizarte-posizio baztertua du erresuman.

Erresumaren egoera

Erregeak ez du aintzakotzat hartu Fidel, ez du sakonago ezagutu nahi izan ere. Baina erresumaren egoera aldatuz joango da. Alde batetik, gerra handi bat hasten da eta gizon guztien beharra du erregeak. Haatik, Fidelengan konfiantzarik ez duenez gero, zaldi itsu eta herrena ematen diote gerrarako. Baina Fidelek behor zuriaren laguntzarekin eta bere ezpata baliatuz aurkari guztiak menderatzen ditu. Erresumara bueltatzerakoan, Fidelek ez dio gertatutakoa inori kontatzen eta isilpean geratzen dira bere lorpenak.

Europar mitologian urrezko sagarrak agertzen direnean, maiz urrezko bihotzaren zentzuarekin azaltzen dira

Erresumak aurre egin behar dio beste erronka bati, ostera: adina dela eta, erregea ikusmena galtzen ari da. Bere gaitza sendatzeko, erregeak beste bi suhiak bidaltzen ditu eta bakoitzari urrezko sagar bat ematen dio, ur magikoaren truke alda ditzaten. Alabaina, ur magiko hori Fidelek lortzen du, emazteki batek formula miresgarria ematen diolako; baldintza batekin, ordea, ezin duela ura saldu, baizik eta bi urrezko sagarren truke aldatu beharko duela ur hori. Suhiek beren helburua erdi ahaztuta duten arren, Fidelek aurkitzen ditu eta ura haien urrezko sagarren ordez trukatzen du. Testuinguru gisa aipa dezakegu europar mitologian urrezko sagarrak agertzen direnean, maiz urrezko bihotzaren zentzuarekin azaltzen direla. Esate baterako, Greimasek 'Des dieux et des hommes' bere liburuan aipatzen du lituaniar mitologian «maitasuna, edertasuna eta osasuna, horiek dira sagar liluragarri baten bitartez eskuratzen diren funtsezko ezaugarriak». Ulergarria da orduan, gure ipuinean ere ezaugarri horiek diru-truke ezin eskuratu izatea.

Azkenean Fidelek lortzen du bere istorioa erregeari kontatzea eta erregeak erresumaren buruzagitza eskaintzen dio, baldintza batekin: buruko ezkabia hura sendatu behar du. Erregearen alabak orduan Fidelen buru distiratsua erakusten dio, eta erregeak argi uzten du berak baino gaitasun hobea duela erresumako buruzagia izateko.

Fidelen hiru sinboloak

Ipuin honetan Fidelek hiru sinbolo nagusi ditu erantsita. Alde batetik, bere izena, Fidel, nahiz eta erregearengandik ondasun materialik edo sentimenduzkorik jasotzen ez duen, une oro erregearekiko jarrera fidela duelako. Egungo ikuspegitik fidelegia dela esan daiteke, beste suhiekiko jasan behar duen diskriminazioa gogo onez onartzen duelako. Bestetik, urrezko sagarrarena dugu, urrezko bihotzaren sinboloa, Fidelen laguntzeko borondate handia islatzen duelako. Hirugarrena, ezkabiarena da. Ezkabia (gaztelaniazko 'sarna') buruan duen orbana da. Orban hori zentzu fisikoan eta baita moralean ere uler daiteke. Ezkabiak buruzagitzarako ahalmena jartzen du zalantzan. Aldiz, Fidelen burua distiratsua izanda, ipuin osoan ideia onez beterik dagoela erakusten du eta, bere ekintzetan adierazten den moduan, buruzagi egokia izango delako seinale zalantzarik gabea da. Aipatu dugun gizarte-egituraren ikuspegitik, hastapenean eredu mugiezina azaltzen da, Fidel bezalako baztertu batek jasan behar duena. Baina ipuinaren asmo argia da buruzagitza pertsona trebeenaren eskuetan egon behar dela, oinordetza eskubideak eta aberastasuna kontuan izan gabe.

Temas

Euskera