Euskaltzaindiak sarean jarri du Jokin Zaitegiren dokumentu bilduma
Idazle, irakasle, apaiz eta ohorezko euskaltzain honen artxiboa hiru ataletan banatzen da: gutuneria, Euzko Gogoa aldizkaria eta jatorrizko bertsioak
Euskaltzaindiak sarean jarri du Jokin Zaitegiren (1906-1979) dokumentu bilduma. Idazle, itzultzaile, irakasle, apaiz eta euskaltzain honen artxiboa hiru ataletan banatzen da: gutuneria, garai horretako bildumarik aberatsenetakoa, non orduko euskal idazle ia guztien gutunak aurki daitezkeen; Euzko Gogoa, aldizkari horretan argitaratutako artikuluen jatorrizko bertsioak eta bestelako materialak daude hor sartuta; eta bere lanen jatorrizko bertsioak, digitalizatuta ez egon arren, Azkue Biblioteka eta Artxiboaren irakurgelan kontsultatu daitezkeenak.
Dokumentu bilduma berriaren iragarpenarekin batera, Akademiatik jakinarazi dute Zaitegik modu askotara sinatu zituela bere lanak: Udalaizpe, Artzai, Zaitegi'tar Iokin eta beste hainbat. Halaber, gogorarazi dute bere garaian mota askotako lanak egin bazituen ere, batez ere euskal kulturaren eragile eta bultzatzaile gisa nabarmendu zela; Euzko Gogoa (1950-1959) aldizkaria izan zen emaitza nagusia, baina ez bakarra, zeren ugariak baitira haren eskutik jalgitako fruituak: poesiak, saiakerak, artikuluak eta, bereziki, itzulpenak.
Euskaltzaindiaren arabera, «lan horietan guztietan, bi elementu hauteman daitezke: euskaltzaletasun sutsu bat, fede kristau sakonarekin batera. Hirugarren elementu bat ere erantsi daiteke: Filosofia eta Teologiarako maitasuna. Izan ere, Zaitegiren euskaltzaletasunak herri xehearen hizkuntzatik edaten zuen, baina helburutzat zeukan elite euskaltzale bat sortzea, herria gidatuko zuen elite bat. Horretarako euskal unibertsitate bat behar genuen, alegia, goitik behera euskaraz funtzionatuko zuen unibertsitate bat, horra Euzko Gogoaren giltza, horra Sofoklesen, Euripidesen edo Platonen itzulpenen arrazoi sakona, euskal unibertsitate horretarako materialak sortzea, giro bat mamitzea euskaldunen artean».
Platonen elkarrizketak
Zentzu horretan, Akademiatik nabarmendu dute haren bi saiakera nagusiak, 'Bidalien egiñak' (1955) eta 'Platon´eneko atarian' (1962) elkarren osagarriak direla. Eta argi daukate esanguratsua dela 'Sofoklesen Antigone' (1933) izatea haren lehen itzulpen handia, eta bizitzako azken proiektua, Platonen elkarrizketak itzultzea, biak baitira teologo kristauen artean berebiziko interesa sorrarazi duten lanak. Platonena Euskaltzaindiak argitaratu zituen, sei tomotan (1975-1989). «Erraldoi baten lana, zinez».
Zaitegik betidanik izan zuen harreman handia Euskaltzaindiarekin, bizitzaren azken urteotan oraindik gehiago estutu zena, zeren zahartuta eta gaixorik, Oñatiko zaharren egoitzan babestu zenean, Luis Villasante eta beste euskaltzain batzuk joaten zitzaizkion bisitan. Hil eta gero, haren ondarea bitan banatu zen: biblioteka Arrasateko Udalak hartu zuen (han dago ordutik) eta artxiboa, Euskaltzaindiak. Hala ere, hemendik aurrera interesa dutenek sarean eskuratu ahal izango dute.